120 pertsona batu dira Leioan Gorenaren epaiaren aurka

120 lagun batu ziren arratsaldeko 20:00etan Leioako Iparragirre Zeharkaleko Bulebarrean Espainiako Epaitegi Gorenak Kataluniako buruzagi subiranisten aurka publiko egindako epaia errefusatzeko.

Gure Esku herri ekimenak goizean bertan egin zuen deialdia sare sozialen bitartez. Eta bilkurara zarata egiteko tresnekin joatea eskatu zuen. Bildutako gehientsuenek hala egin zuten: txilibitoak, kazolak, metalezko tresneria ezberdinekin azaldu ziren konzentrazio gunera.

Zarata eginez eta Lluis Llach-en musikarekin lagunduta eman zuten konzentrazioaren ia denbora osoa. Buruan, Erreferenduma ez da delitua goiburu zuen pankarta zegoen Gure Eskuren hainbat lagunek eutsita. Hona, konzentrazioaren irudi batzuk:

Elkarretaratzeari bukaera emateko, herri ekimenak honen harira atera duen agiria irakurri zuten bi lagunek. Bertan, Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazitako epaia “demokraziaren aurkako eraso larria” dela irizten dio Gure Eskuk.  Gaineratzen duenez, “prozesu judiziala bera ere ez da justua izan; arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioei buruzko lan taldeak salatu duenez”.  Hortaz, “epaiketa politiko honen amaiera justu bakarra absoluzioa zela” uste du Gure Eskuk, “baina hilabete luzeetan aurreikusi duguna berretsi du Espainiako estatuak: larrialdi demokratiko batean gaude”.

Herri ekimenaren iritziz “erreferenduma kriminalizatu du” epaiak, baina “erreferenduma tresna demokratikoa da, herri edo komunitate baten etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko balio duena. Euskal Herrian, legeztatuta ikusi nahi dugu, eta erabili nahi dugu”, gaineratu dute. Horregatik, “herri ekimen bat lantzen ari gara hainbat eragile, erabakiaren bidea ireki nahi dugulako (…). Eta hori lortzeko bidean ez dugu atzera egingo: aurrera egingo dugu herri gisa, eta aurrera, beti, Kataluniarekin”, esan zuten.

Gure Eskuk argi du zigor epai honekin “beldurturik nahi gaituztela, etsirik, burujabetza asmoak lortzeko itxaropenik gabe. Baina oker daude. Gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu, zilegi delako, eskubide demokratiko bat delako”. Hortaz, “bidea irekiko diogu erabakitzeko eskubideari, gure estatus politikoa libre eta demokratikoki erabakitzeari”, adierazi zuten.

Bukatzeko, “injustizia baten aurka eta oinarrizko eskubideen alde; erreferendumaren kriminalizazioaren aurka eta herrien eskubide kolektiboen alde; errepresioaren bidearen aurka eta elkarrizketa eta konponbide politikoaren alde” mobilizatu direla esan zuten. “Eta mobilizatzen jarraituko dugu”, gehitu zuten, datorren larunbatean, urriaren 19an, Donostian egingo den manifestazio nazionala “auziko presoen askatasunaren alde, oinarrizko eskubideen alde eta herrien eskubide kolektiboen alde” gogora ekarriz. “Elkarrekin. Kataluniarekin bat eginik” egiteko asmoa ere beste behin agerian jarriz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude