Atzo egin zen Joxe Miel Barandiaran institutoaren beheko patioan 22. Korrikaren aurkezpena Leioan.
Arratsaldeko 19:00etan hasi zen Barandiaran Behekoaren patioan dagoen karpapeko ekitaldia, Elene Uribe eta Xabier Sainz de la Mazaren gidaritzapean.
Ekitaldian herriko eragile ezberdin dexentek hartu zuen parte. Aurkezleek esan bezala, “Leioa herria osatzen duzuen eragile, elkarte, ikastola, eskola… eta abarren konpromiso txikiak batzera etorri gara, konpromiso txiki horiek ahalbidetuko baitituzte ondorengo konpromiso handiagoak, mundu bat euskarara bilduz”.
Antolatzaileen arabera, “hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea”, eta horretarako “euskaldun (pro)aktiboak behar ditu” euskarak, “konbentzimendutik ekintzetara, praktikara, jauzi egingo dutenak”.
“HitzEKIN. Hori da aurtengo Korrikaren leloa. Izan ere, auzia ez da izan ala ez izan, kontua ekitea da. Egiten duguna ei gara. Eta egiteko, ekiteko, hautatu beharra dago”.
Esan zutenez, “Leioan 11 gara euskaraz biziteko hautua egin dugunok, euskara bazterretik erdira ekartzen ahalegintzen garenok, bakoitzak bere esparrutik, tipi-tapa, egunez egun euskarari zentzua eta arnas ematen, hitzari, lekukoari, elkarlanari, euskarari, herriari heltzen”.
Eragile andanak euskara erabiltzeko hitza eman du
Aurkezpenean, parte hartu zuten eragileek hartutako konpromisoekin osatu zen 22. Korrikaren puzlea. Ez ziren gutxi parte hartu zuten auzoetako, kirol arloko, kulturaren inguruko, hezkuntzaren esparruko zein eragile sozialak atzoko ekitaldian. Zehazki, honako hauek guztiak: Txorierriko Jai Batzordea, San Bartolomeko Jai Batzordea, Auzotarrok elkartea, Doniene abesbatza, Udondoko txikiteroak, Hartzak pilota elkartea, Atxiki pilota taldea, Leioa Waterpolo, Leioa Saskibaloi Taldea, Leioako Futbol Elkartea, Maskarada, Gure Ohiturak, Txikiak Dantza Taldea, Mugi Leioako Gazteak, Sutea Gazte Feministen Taldea, Udal Euskaltegiko langileak, AEK, Ama Mesedeetako Ikastetxea, Txomin Aresti ikastetxea, Barandiaran institutoa, Artaza/Pinuetako eskola, Lamiako auzoko eskola eta Betiko ikastola.
Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten 22. Korrikaren aurkezpenean parte hartu zuten guztiei, eta gogoratu zuten atzokoa hasiera baino ez zela izan. Bide batez, Korrika apirilaren 7an, goizeko 7:06an sartuko dela Leioan ekarri zuten gogora, herritarrak 22. Korrikaren harira antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatuz eta “partida hau irabaztera”.
“Eginez eragingo dugu eta eginaraziko diogu elkarri, ikasle, agintari zein eragile orok, guztiok elkarrekin. Zerekin? Hitzekin, hitzarekin eta ekinarekin”.