Bateragunekoek espainiar Auzitegi Konstituzionalera eta Europakora joko dute

Iñigo Iruin abokatuak Espainiako Auzitegi Goreneko epaiak Estrasburgori eta Gorenaren aurreko sententziei aurka egiten diela adierazi du. Aurretik duten bide juridikoa «luzea» izan arren, «ez gaude prest bost pertsona hauen oinarrizko eskubideak berriro urratzen uzteko».

Iñigo Iruin abokatuak banan-banan gezurtatu ditu Gorenak defentsaren argudioei aurka egiteko sententzian erabilitako argumentuak. Adierazi duenez, «Gorena argi eta garbi ari da jarraitu beharreko bidea erakusten, eta hori haren partzialtasunaren erakusgarri da». «Kalitate juridiko eskasekoa» da sententzia, eta Iruin «harritu» egin du horrek, Miguel Colmenero txostengilea jurista «oso ontzat» baitu: «Kalitate juridiko eskas hori juridikoki sostengaezina den posizio bat sostengatzeko zailtasunaren ondorio logikoa da».

Espainiako Auzitegi Konstituzionalera eta Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura joko dute auzipetuek, «berehalako» erantzun gisa: «Baditugu aurreragorako beste asmo batzuk, baina, politikan bezala, zuzenbidean ere garrantzitsua da estrategiarena», baina bertzat gorde ditu. Konstituzionalean babes helegitea jarriko dute, argudiatuta benetako babes judiziala izateko eskubidea urratu zaiela auzipetuei, epaiketa bat bi aldiz egiteagatik. Non bis in idemprintzipioa urratzen du horrek, hain zuzen. «Gu saiatuko gara epaiketa ez dadila berriro egin, eta, berriro egiten bada, Konstituzionalekoa ebatzi ondoren egin dadila», esan du Iruinek.

Bestalde, Europako Batzordeko Ministroen Kontseilura joko dute. Iruinek azaldu duenez, gobernuek Estrasburgoko sententziak betearazten dituztela ikuskatzen duen organoa da hori. Abokatuak adierazi du ezagutzen dutela Europako Batzordearen izaera «politikoa», baina horrek atea ireki diezaieke ondoren Estrasburgora jotzeko, abokatuaren hitzetan. Europako Batzordeko Ministroen Kontseiluan salatuko dute Madrilek ez diola kasurik egin Estrasburgori, 2018ko sententziak argi baitio auzipetuen eskariz soilik egin daitekeela auzi bat bigarrenez. Eta auzipetuek ez zuten halakorik galdegin.

Iruinek azaldu du «luzea» izanen dela ibilbide juridikoa, baina «borrokatzeko grinez» ekinen diotela: «Gorenak egoera bide itsu batera eraman du, zeinaren irtenbide bakarra bost pertsona hauen eskubideak berriro urratzea baita». Ez daude «prest» horretarako, eta ez dute «onartuko» Madrilek «nahi duena» egitea: «Hor egongo gara guk eskatzen dugun irtenbidea lortu arte».

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude