Batuz aldatu, hizkuntza-politiketan jauzia egiteko adostasun sozialen ekimena aurkeztu da

Batuz aldatu izena hartuko du gaurtik aurrera Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialen ekimenak, eta jauzia izan da ekitaldian zehar azken hilabeteotan garatutako prozesua irudikatzeko baliatu duen irudia. Izan ere, Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok esan bezala, «hizkuntza-politiketan jauzia egiteko garaia zela esan genuen duela hilabete batzuk, eta jauzia egitera goaz».

Horrekin batera, Kontseiluko eledunak 2016ko abenduaren 16an Kursaaleko Ganbara Aretoan bertan Europako hogeita hamar hizkuntza-komunitatetako ehundik gora eragilerekin aurkeztutako Hizkuntz Eskubideak Bermatzeko Protokoloa izan du gogoan: «Orduko uzta da gaur aurkeztu duguna, ardatz berdinetan eraikia izan baita. Orduan bezala, gaur ere, gizarte-kohesioa bermatzea helburu, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasuna aurkeztu dugu», esan du.

Dokumentuaren helburu eta norabidetzea

Batuz aldatu izeneko adostasunaren edukiaren aurkezpena bi eragileetako ordezkariek egin dute; hain zuzen, dokumentuarekin bat egin duten ELKAR taldeko Joanmari Larrartek, eta EUSKAL MONETAko Eva Mutiok. Gizarte eragileen izenean, Mutiok zer esana badutela adierazi du: «Gizarte osoa zeharkatzen duen auzia da hizkuntzarena: giza-harremanetarako edo harreman sozialetarako oinarrizko bitartekoa da hizkuntza. Eta eremu guztietan gertatzen dira modu bateko zein besteko hizkuntza-praktikak eta –hautuak».

Bi ordezkariek proposamena ardazten duten printzipioak zerrendatu dituzte: bereizkeriari aurre egiteko eta elkarbizitzan sakontzeko hizkuntza-eskubideak errespetatzeko beharra, hizkuntza-politikaren zeharkako izaera, normalizazio-prozesuaren izaera soziopolitikoa eta progresiboa… Halaber, hizkuntza-politika Euskal Herriko hizkuntza aniztasuna aintzat hartua garatu behar dela azaldu dute.

Ondoren, etorkizuneko agertokirako helburu nagusia aurkeztu dute: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Horretarako, hizkuntza-eskubideak eremu guztietan bermatu beharko direla adierazi dute, hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik esan.

Helburua edo agertokia azalduta, eta euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea jomuga izanik, Larrartek eta Mutiok horretara iristeko hizkuntza-politikek hartu beharreko norabideak azaldu dituzte. Batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko dela adierazi dute, herritar guztiek euskaraz aritzeko gaitasun egokia izan dezaten. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu beharko direla adierazi dute, hala nahi duen edonork ez dezan izan euskara erabiltzeko inolako eragozpenik.

Azkenik, eragileok epe laburrean hartutako konpromisoak azaldu dituzte. Askotariko 99 eragilek, hain zuzen, egin dute bat Batuz aldatu izeneko dokumentuarekin, ekitaldian ezagutarazi dutenaren arabera.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude