Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien aurreakordioa sinatu da

Bizkaiko kirol-lokal eta zelaietako hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu da asteon.  LAB, CCOO eta UGTk adostu aurreakordiora ELA ere batu da, horrela, sektoreko langile guztien gehiengo osoa lortuz.

LAB sindikatuak “sektoreko langile guziak zoriondu” nahi izan ditu “egin duten lanagatik, honek ekarri duelako horren premia zuen sektore bat esnatzea. Oraingoan ere argi geratu da berriro borrokatzeak merezi duela”, adierazi du sindikatu abertzaleak. LABek aurreakordioaren lorpenak ere zerrendatu ditu: soldata-igoera (KPIaren araberakoa izango da 2018 eta 2019rako, eta KPI gehi %0,75ekoa 2020, 2021 eta 2022rako); lanaldia murriztea (urtean 50 ordutan, 1.660 ordutakoa izango da 2022an); 2021ean gutxieneko soldata 1.200 eurotakoa izatea (16 pagatan); jai-egunetako plusak gora egitea (15 eurotakoa 2020an, 18koa 2021ean eta 20koa 2022an); gaukotasuna lehen ordutik aurrera ordaintzea; borondatezkoa izatea Eguberri eta Urte Berri egunetan lan egitea; aintzinekotasuna hobetzea; urtean 12 ordu izatea klaseak prestatzeko; eszedentzien aukera 10 urtetatik 12 urtetara pasatzea; laneko jantzietan hobekuntzak eta bakanteak estaltzeko sistema objektiboa.

LABek dioenez, “borroka ez da bukatu, lortzeke geratu direlako kategorien definizioa, ratioak zehaztea, baldintzen pleguak,  35 orduko lan-astea eta orduen kontsolidazioa”. Edonola ere, LABek bideoa zabaldu du sektoreko langileak zoriontzeko.

ELAk ere, sektorea zoriondu du “egindako borrokagatik eta lortutako garaipenagatik”. Sindikatu honen arabera “egindako greba egunak gabe ezinezkoa izango zatekeen puntu honetararte heltzea”. Hala ere, gainontzeko sindikatuak kritikatu ditu, haien “desmobilizazioak nabarmen eragin baitu hitzarmen honetan lortu zitekeen edukietan”, bere ustetan.

Dena den, pasa den ostegunean sinatu zen sektoreko hitzarmenaren aurreakordioa “garaipen handia da” ELArentzat, “sektorearen arazo propio askori erantzuten diena” baita sindikatu horren arabera.

Info + 

LAB sindikatuaren bideoa 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude