EAEn emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino % 37 txikiagoa da

Euskal Herriko Pentsionisten Mugimendua

Bihar, otsailak 22, gizon eta emakumeen arteko soldata berdintasunaren aldeko Europako Eguna da. Horregatik, Euskal Herriko Mugimendu Pentsionistak egun hau gizon eta emakumeen arteko sistema desberdin hau soldata edo pentsio bat jasotzeko orduan bidegabea dela hausnartzera bideratu nahi du. Genero-arrakala gizonek eta emakumeek soldatetan eta pentsioetan kobratutako batez besteko zenbatekoaren arteko aldea da.

Nahiz eta emakumeek inoiz baino gehiago parte hartzen duten lan-merkatu horretan, nahiz eta inoiz baino prestatuago egon eta inoiz baino argiago izan autonomia ekonomikoaren beharra, gaur egungo soldatetan arrakala hori dago oraindik: EAEn % 23koa da, eta 2015etik 1,7 puntu baino ez da murriztu.

Pentsioen genero-arrakala ez da gertatzen emakumeek ez dutelako lanik egin. Askotan lan egin dute lanaldi bikoitzekin, etxean eta etxetik kanpo. Lanpostu prekarioen eta soldata baxuen zati handi bat emakumeek betetzen dituzte. Aldi baterako kontratuak gehiago eman dira emakumeen artean. Ekonomia informalean edo ezkutuko ekonomian gehien lan egiten dutenak dira. Feminizatutako lanak (adibidez, garbiketa edo adinekoen zaintza) gutxien baloratzen eta ordaintzen direnak dira. Emakumeek beren ibilbide profesionala eten behar izan dute, edo eszedentziak eta zaintza-lanetan aritzeko baimena eskatu. Horrek guztiak zuzenean eragiten dio kotizazio-denborari, eta, beraz, murriztu egin du gaur kobratzen duten pentsioa. Pentsio-mota guztiak kontuan hartuta, EAEn emakumeen batez besteko pentsioa gizonena baino % 37 txikiagoa da, gutxi gorabehera.

Horregatik, emakume pentsiodunek gizonek baino arrisku handiagoa dute pobrezian egoteko. Euskal Herrian emakume asko eta asko dira hilabete amaierara iritsi ezin direnak, eta 63.000 alargun 1.080 €-tik behera daude. Aldarrikatzen dugun gutxieneko pentsio duina Madrilgo gobernuak eta EAEko eta Nafarroako gobernuek ezagutzen dute, nahiz eta lan eta pentsio erreformak onartzen jarraitu, berdintasun helburua ez lortzeaz gain, lotsagarriki atzeratzen baitute.

Lankideak: mobilizazioa beste biderik ez zaigu geratzen. Asko dira ditugun aldarrikapenak eta onartu berri den erreformak ez digu horietako bakar bati ere erantzunik eman. Lan-erreforman ere ez zaigu entzuten. Emakumeei dei berezia egiten diegu astelehenero egiten diren mobilizazioetan parte har dezaten, Pentsioen Sistema Publikoaren defentsa eta hobekuntzaren alde. Baina, era berean, dei egiten dugu gero eta gehiagok parte har dezaten mobilizazioak aurrera atera daitezen, bozeramaile izanez eta beharrezko lan guztiak eginez.

  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa
  • Alarguntza-pentsiorako % 100 bermatzea
  • EAEn eta Nafarroan 1.080 €-tik beherako pentsioak kopuru horretara arte osatzea.
  • Egiturazko neurriak eskatzen ditugu genero-arrakala gainditzeko, bai pentsioetan, bai soldatetan.

Leioan, beste Bastelehen batez, Pensionisten Mugimenduak bere ohiko kontzentrazioa burutu du Avanzadaren Bulebarreko piruliaren inguruan, pentsio duinak eta 1080 euroko gutxieneko pentsioak aldarrikatzeko. Egungo bilkuran 23 leioaztar batu dira. Argazkia: leihoa.info
Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.