EAJ-PNVk “Euskadi zutik jartzeko” hartu duen erabakia helarazi nahi dio gizarteari

‘Euzkadi Zutik ¡Saldremos!‘ izango da talde jeltzaleak uztailaren 12ko Euskadiko Hauteskundeetara eramango duen goiburua

Andoni Ortuzarrek eta Iñigo Urkullu Lehendakariak euskal gizarteari helarazi nahi izan diote alderdi jeltzalearen erabakimena “Euskadi zutik” berriro jartzeko gaur goizean izan duten Batzarrean. Urkulluk, uztailaren 12ko Euskadiko Hauteskundeetarako Arabako zerrendaburuak, hurrenez hurren Bizkaiko eta Gipuzkoako zerrendaburu diren Leixuri Arrizabalagarekin eta Bakartxo Tejeriarekin batera, aurkeztu du talde jeltzaleak hauteskunde kanpaina honetara eramango duen goiburua: “Euskadi Zutik ¡Saldremos!”.

Iñigo Urkulluk esan du Euskadik gaur egungo egoeratik “irteten jakingo duela”,“autogobernu sendoa eraiki dugulako, orain arte bizi izan dugun krisialdirik handienean eta larrienean funtzionatu duen eredua delako.” Esan duenez, “orain arte eutsi diogu eta hemendik aurrera ere aurrera egingo dugu.” Urkulluk beharrezko jotzen du “ona dena eta funtzionatu duena aitortzea eta baloratzea”.

Lehendakariak adierazi duenez “ez dugu inor atzean utziko. Duela lau urte esan genuen langabezia %10etik jaitsiko genuela. Iaz helburu hori lortu genuen. Berriro ere lortuko dugu.”

Andoni Ortuzarrek, bere aldetik, aitortu du pandemia honek “kinka larrian” jarri duela mundu osoa, “baita gure lehen mundu buruaski eta harroa ere”, gure “gabeziak eta zaurgarritasun globala” agerian geratu direlako. “Baina ez dugu beldurraren mende egon nahi. Orain inoiz baino aktiboago egon behar dugu”. Zentzu berean, EAJ/PNVren buruak uste du “ezbehar gogor honek aukera bikaina ematen digula  gure egitura publiko eta sozioekonomikoak indartzeko. Halako pandemia bat berriro gertatzen bada, Herri gisa hobeto prestatuta egon gaitezen egoerari aurre egiteko orduan”.

EAJK “euskal gizarteak Covid-aren ondoren izango dituen beharrei aurre egiteko” konpromisoa adierazi du Ortuzarrek “etorkizuna irabazteko”.

Batzarra hasi aurretik, Urkulluk, Arrizabalagak eta Tejeriak hauteskunde garaian jeltzaleen egoitzako fatxadan jarri ohi den lona erraldoiaren aurkezpena egin dute. Lonan aurkezten da talde jeltzaleak uztailaren 12ko Euskadiko Hauteskundeetara eramango duen goiburua: ‘Euskadi Zutik. ¡Saldremos!’. Goiburuak “lehenago geunden egoerara itzultzeko eta, ahal badugu, are egoera hobeago batera iritsi ahal izateko” jarreraren erakusle da, alderdi jeltzalearen hitzetan.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude