Edukiontzi marroia erabiltzeak saritu du Udalak

Edukiontzi marroiaren erabiltzaileek 20 euroko bonoa jasoko dute I Leioako Merkatarien Elkarteko saltokietan trukatu ahal izango da apirilaren 30era arte

Udalak eskerrak eman nahi dizkie etxean sortutako hondakin organiko begetalak birziklatzeko edukiontzi marroia erabiltzen duten leioaztar guztiei. Horregatik, 20 euroko opari-bonoa banatuko du edukiontzi hori erabiltzen duten etxeetan (hau da, zaborren gaineko zergaren herena), kanpaina honi atxikitako Leioako Merkatarien Elkarteko saltokietan trukatzeko, apirilaren 30era arte.

Horrela, Udalak edukiontzi horren erabiltzaileak saritu nahi ditu, eta, bide batez, “Leioa ingurumenarekin konprometituta dagoen udalerri bihurtzen lagunduko du”, udal iturriek diotenez. Bonu hau emateak helburu bikoitza omen du: udalerrian bertan onurak itzultzea, bai ingurumenarentzat, bai tokiko ekonomiarentzat.

Ekimen hori abian jarri zen aurreko urtean, eta, hemendik aurrera, urtero, Leioako saltokietan erabili ahal izango den opari-bonoa jasoko dute bilketa-zerbitzura harpidetutako pertsonek – ohiko erabiltzaileak direla egiaztatu ondoren –. Udalak nabarmendu du “bono hori jaso ahal izateko ezinbestekoa izango dela bosgarren edukiontziaren hilean gutxienez lau aldiz erabiltzea”.

Horretarako, gainera, kontuan hartuko da botatzen den hondakinaren kalitate ona, hori oso garrantzitsua baita Leioako lorategietan eta berdeguneetan gerora erabiltzen den konpost egokia lortzeko.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude