EH Bilduk kezka handiz ikusten du 13/13 sumarioaren epaiketa eta larunbateko manifestazioan parte hartzera deitu du

«Kezka handiz ikusten dugu 13/13 sumarioaren irekiera. Luzea da herri mugimendu, mugimendu politiko edo jarduera profesional guztiz legitimoen aurkako makroprozesuen katea. 426 pertsona akusatu dituzte beren jarduera politikoagatik, ideiengatik, eurak izateagatik edo ordezkatzen zutena ordezkatzeagatik», adierazi du Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren eledun Maddalen Iriartek gaur goizean egindako prentsa agerraldian.

Datorren uztailaren 12an hasiko da zortzi euskal herritarren aurkako epaiketa, 13/13 makroprozesuaren barruan. «Tamalez, ‘Dena ETA da’ren interpretazio estrafalario hark indarrean jarraitzen du 25 urte geroago, erakunde horrek jarduera armatuaren amaiera iragarri zuenetik 10 urtera, eta armagabetu eta behin betiko desagertu zenetik 3 urtera. Tamalez, ‘dena da ETA’ aitzakiarekin, Estatuko kontrolik gabeko botereek eremu politikoa lokaztu nahi dute eta herri hau etengabeko xantaiaren pean mantendu, errepresio eta kartzelaren etengabeko mehatxupean», gaitzetsi du.

Iriarteren ustetan «Estatu sakoneko botereek ezin dute barneratu herri honek bakea, bizikidetza eta konponbidea lortzeko egiten dituen ahaleginak». Horren ondorioz, “errezeta bakarra dute: pertsona, familia eta herri honi sufrimendu gehiago ekartzea”, esan du Iriartek.

EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko eledunaren iritziz “konponbiderako unea da, ez sufrimendu gertaera berriak sortzekoa”. Horregatik, “balio demokratikoetan sinetsi eta bakea eta bizikidetza eraikitzeko bidean aurrera egin nahi duten herritarrak mobilizazioetan parte hartzera deitzen ditugu”, esan du. 

“Bakerako unea da, ez indarkeriak errepikatzekoa. Espetxeak husteko unea da, ez berriz betetzekoa”, Iriarteren arabera. Horrexegatik, hain juxtu, herritarrak deitu ditu datorren larunbatean Bilbon eta Donostian epaiketaren kontra eguerdian egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko.

13/13 sumarioan 77 urte baino gehiagoko kartzela zigorrei aurre egin beharko dieten herritarrei (Arantza Zulueta, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Julen Zelarain, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre, Nerea Redondo eta Juan Mari Jauregiren) elkartasuna adierazi die koalizio abertzaleko buruak, eta ohartarazi ez direla «eskuak gurutzatuta» geratuko «eskubide prozesalak, jardun politiko eta profesionalerako oinarrizko askatasunak, pentsamendu-askatasuna urratzen ari direnean», ezta «torturapean erauzitako deklarazioei buruzko kondena eta kartzelarekin mehatxatzen duten egitura legal eta jurisdikzionalen aurrean» ere.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude