EH Bilduk baliabide ekonomiko guztiak aktibatzeko eskatu dio Lakuari osasun sistema indartzeko eta pandemiak jotako sektoreak erreskatatzeko

EH Bilduk akordio-proposamen integrala helarazi dio Jaurlaritzari, aurrekontua, Europako Funtsak eta Finantza Publikoak barne hartzen dituena I Proposamenak 429 milioiko inpaktua du aurrekontuan, “baliabideak egonda, inork ez lukeelako ulertuko egungo krisiak eskatzen dituen neurriak hartzeari uko egitea”.

EH Bilduk akordio-proposamen integrala helarazi dio gaur goizean Pedro Azpiazu Ogasun sailburuari eta berriz ere biltzeko eskatu dio “proposamen horren edukiak kontrastatzeko eta akordio batera iristeko egon daitezkeen aukerak aztertzeko”, Maddalen Iriartek azaldu duenez. Proposamena Europako Funtsei eta finantzazio iturriei ere heltzen die. “Pandemiaren ondorioz, aurten aurrekontuek izaera estrategikoa dute, baina gizarte eta herri bezala dugun erronka harago doa. Aurrekontuei buruzko eztabaida testuinguru zabalago batean txertatu behar da ezinbestean. Aurrekontuak, Europako Funtsak eta Finantza Publikoak eztabaida bakar baten ardatzak dira eta, zentzu horretan, gure proposamena epe laburrean, baina baita ere epe ertain eta luzean, oinarri minimo partekatuak adosteko eskaintza da”, adierazi du Iriartek.

“Gobernuak orain arte erantzuna positiboa izango dela pentsatzeko motibo askorik eman ez digun arren”, EH Bildu erantzunaren zain dago orain. “Erantzunak markatuko digu zein izango den gure hurrengo urratsa”. Iriartek, dena den, Lakuak “egoerak eskatzen duen maila ematea” espero duela esan du, eta EH Bilduren proposamena guztiz bideragarria dela ziurtatu du. “Aurrekontuak aurkeztu zituenean, Azpiazuk berak aitortu zuen, beharrezkoa izanez gero, kopuruak handitzeko aukera dagoela. Guk argi dugu: krisi egoera honetan, behar-beharrezkoa da aukera hori baliatzea eta arlo garrantzitsuenak indartzea. Inork ez luke ulertuko, baliabideak egonda, oinarrizko arloak diren osasuna, hezkuntza eta, oro har, zerbitzu publikoak ez indartzea”.

Maddalen Iriarte, EH Bilduren bozeramailearen agerpenaren irudia I Argazkia: EH Bildu

“Ezohiko egoeran, ezohiko Aurrekontuak” behar direla dio EH Bilduk

Maddalen Iriartek eta Nerea Kortajarenak proposamenaren xehetasunak eman dituzte ezagutzera Jaurlaritzari bidali ostean. Iriartek adierazi duenez, “egoera ezohikoa da eta instituzioen erantzunak ere, aurrekontuen bidez kasu honetan, ezohikoa izan behar du; Gobernuak, ordea, ohiko aurrekontuak aurkeztu ditu ezohiko egoera baterako, eta errealitateak berak gainditu du jada haren proiektua. Pandemiaren azken txanparako pentsatutako aurrekontuak ekarri dizkigute, baina datuek argi erakusten dute, tamalez, krisi sanitarioak oraindik luze jo dezakeela”.

Hori horrela, EH Bilduren proposamenak “errealitate horri erantzuten dio, batetik, pandemiak orain eta hemen sortu dituen beharrak asetzeko; bestetik, epe ertain-luzera eraldaketa une historiko honetan herri gisa agertzen zaizkigun erronkei aurre egiteko”. Hala, koalizioak hiru bloketan banatu du eskaintza: aurrekontuak, Europako Funtsak eta Finantza Publikoak.

Aurrekontuei dagokienez, proposamenak 429 milioi euroko inpaktua du EAJ-PSE Gobernuak aurkeztutako proiektuan. Iriartek zehaztu duenez, “helburu nagusiak bi dira, eta bi kasuetan pandemia dago oinarrian: batetik, osasun sistema indartzea. Jaurlaritzak balizko ezusteetarako gordeta, erabili gabe, utzi dituen 140 milioiak dagoeneko osasun sistemara bideratzea proposatzen dugu. Hau da, diru hori egon badago, eta guk uste dugu premiak ere orain eta hemen egon badaudela. Aski da edozein anbulatorio edo ospitaletara joatea horretaz jabetzeko. Bestetik, 200 milioi euroko Erreskate Plan bat proposatzen dugu pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreei laguntzeko. Aurreko kasuan bezala, dirua egon badago, aurrekontuen soberakina erabiltzea planteatzen dugu, Azpiazu sailburuak martxoan egin zuen bezala. Egoerak hala eskatzen duela iruditzen zaigu, ostalariak, autonomoak, pymeak…. ezin ditugulako abandonaturik utzi”.

Europako Funtsei buruzko blokean, azaldu du Iriartek, “marko iraunkor bat sortzea planteatzen dugu horren inguruko eztabaida estrategikoa egin ahal izateko, lehentasunak adosteko eta proiektuak batera defendatu ahal izateko, Madrilen edota Bruselan”.

Finantza Publikoei dagokionez, “Covid Tasa ezartzea proposatzeaz gain, aurten zerga politikaren erreformari heltzeko konpromiso argia eskatzen dugu. Pandemiaren faktura nork ordainduko duen argitu behar da”.

Nerea Kortajarena, EH Bilduren koordinatzailea Eusko Legebiltzarrean I Irudia: EH Bildu

Hiru ataletan planteatutako aldaketak proposatzen ditu EH Bilduk

EH Bilduk aurrekontu proiektuan proposatzen dituen aldaketak zehaztu ditu Nerea Kortajarenak, hiru atal bereizita: Osasun sistema eta zerbitzu publikoak indartzeko atala; Ziurtasuna sortzeko atala eta pertsonak zaintzeko atala.

Osasun sistema eta zerbitzu publikoak indartzeko atalean, honako proposamen hauek planteatzen ditu koalizio subiranistak: Osasun sistema indartzea (140 miloi €):  “Egoera larri honetan ez du inolako zentzurik eskura ditugun baliabideak ez erabiltzea, ezusteak dagoeneko gainean ditugulako. Osasun sistema itota dago, baliabide falta bistakoa delako. Horregatik, Gobernuak erreserban utzi dituen 140 milioiak kutxatik ateratzea eta osasun sistema indartzeko erabiltzea proposatzen dugu”. Bestetik Hezkuntzara zuzendutako aurrekontua 50 miloi € igotzea ea Gizarte Zerbitzuen Sistema indartzea (14 miloi € gehiago bideratuta). EH Bilduren ustez, “Laguntza eskaerak biderkatu egin dira azken hilabete hauetan eta itota harrapatu dituzte oinarrizko gizarte zerbitzuak”.

200 miloi euroko Erreskate Plana

Ziurtasuna sortzeko atalean ezkerreko alderdi subiranistak 200 miloi €ko Erreskate Plana proposatzen du. “Sektore ekonomiko askoren biziraupena bermatzea da helburua, ostalaritza, merkataritza, turismoa, autonomoak, kulturgileak, eta abar salbatzeko. Soberakinak, kutxan dagoen diruak, erreskate plan hori finantzatzeko aukera ematen du. Egin ala ez erabaki politikoa da”. Bestetik, Babes Sistema zabaldu beharra aldarrikatzen du EH Bilduk: “Krisiaren ondorioz jende gehiagok erabateko ziurgabetasunean ikusi dute beren burua. Bada, babes sistema zabaldu beharra planteatzen dugu egoera berri guzti hauei premiaz erantzuteko”. Horrezaz gain, Gazte Plana 20 miloirekin osatzea, “gazteen artean langabezia tasa %42koa da”, diote, eta hori dela eta “programa bat planteatzen dugu gazteen kontratazio masiboa sustatzeko, betiere baldintza duinak bermatuta”. Aurrekoarkin batera, argindarraren prezioaren igoera arintzeko 8 miloi € bideratzea eta, azkenik,
alokairuen prezioa mugatu beharra planteatzen du EH Bilduk. ““Proposamen horiek –guk hemen aurkeztu duguna, esaterako– ez oztopatzeko eskatzen diegu Gobernuko alderdiei”.

Egoitzen baldintzak hobetu, Diru-Sarrerak Bermatzeko Sisteman izandako murrizketekin bukatu

Pertsonak zaintzeko atalean, honako proposamenak biltzen ditu koalizioak: Adinekoen egoitza-zentroen baldintzak hobetzea “egoera benetan gordina baita eta Bizkaiko eta Arabako egoitzetan ez dira bete beharreko baldintzak betetzen, gabeziak oso nabarmenak direlako bai plantilletan, bai baliabide materialetan. Gure proposamena oso sinplea da: baldintza horiek hobetzea, Gipuzkoan egun aplikatzen diren ratioak eta irizpideak erreferentzia hartuta. Hau da, Gipuzkoan jada egiten ari dena Araban eta Bizkaian ere egitea, hori baino ez. EAJk eta PSEk ezin diote horri ezetz esan”, adierazi du Koratajarenak. Bestalde, Diru-Sarrerak Bermatzeko Sisteman azken urteotan pentsiodunek, inadarkeria matxistaren biktimek eta familia monomarentalek pairatutako murrizketak bertan behera uztea proposatu dute. Azkenik, SHESAren desagerpena aldarrikatu du EH Bilduren talde parlamentarioaren koordinatzaileak: “Energia arloan inbertsio publiko guztia energia berriztagarrietara eraman behar da”, esan du Kortajarenak.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude