EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Hezkuntza Legearen oinarriak jarriko dituen ponentzia eratzea onartu dute

Ikoitz Arresek Hezkuntza Hitzarmenaren erronkari heltzeko unea dela azpimarratu du I Egiturazko arazoak identifikatu ditu: euskalduntze prozesuaren atzerakada, segregazioa eta marko normatibo propiorik eza

Etorkizuneko Hezkuntza Legea diseinatu eta onartzeari begira, EH Bilduk ezinbesteko aurrerapausotzat jo du Legebiltzarrean EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin batera emandakoa. Izan ere, lau taldeek ponentzia bat eratzea erabaki dute Euskal Hezkuntza Sistemari buruzko hitzarmen zabal baten oinarriak zehazteko, etorkizuneko Hezkuntza Legearen oinarriak izan daitezen.

Ikoitz Arresek adierazi duenez, “Hezkuntza Hitzarmenaren erronkari heltzeko unea da eta datozen hamarkadetarako euskal hezkuntzaren oinarriak zehaztuko dituen adostasun tinko eta zabalak lortzeko aukera ireki dugu; ezkerreko independentismoa erronkari heltzeko prest dago eta EH Bildun aukera leiho hau baliatuko dugu, ez dugu aukera galtzen utziko, hori baita gure herriarekin dugun konpromisoa”. Zentzu horretan, gogora ekarri du, EH Bildu dela proposamen bat jada mahai gainean ipini duen alderdi bakarra, ‘Hezkuntza Sistema Publiko Burujaberantz’ izenburukoa, alegia.

Horren haritik, Arresek identifikatu ditu EH Bilduren iritziz Euskal Hezkuntza Sisteman “berandu baino lehen konpondu beharreko arazo estrukturalak”. Batetik, “euskalduntze prozesuaren atzerakada, gure hezkuntza sistema ez baita gai, legeak agindu bezala, derrigorrezko eskolaldia bukatzean ikasle guztiei ofizialak diren bi hizkuntzetan behar besteko gaitasuna ziurtatzeko”.

Bigarrenik, segregazioa. “Gure hezkuntza sistemak segregazioa eragiten du, sexu segregazioa, gorputz ez-normatiboen segregazioa, hizkuntza segregazioa eta, batez ere, jatorriaren araberako eta maila sozioekonomikoaren araberako segregazioa, eta hau jasangaitza da, abiadura ezberdinetako hezkuntza sistema bat betikotzen ari delako, klase ezberdinen arteko sistema, pribilejiodunen eta pobreen arteko sistema. Ezin dugu horrela jarraitu. Datuak beldurgarriak dira eta segregazioari aurre egin behar diogu haustura soziala ekiditeko”.

Eta hirugarrenik, “marko normatibo propiorik eza; ez dugu hezkuntza sistema propiorik gure hezkuntza Madrilgo Ministerioak zehazten dituen aginduen arabera arautzen delako eta, beraz, ezin dugulako gure hezkuntza sistemaren osotasuna guk geuk erabaki eta arautu”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude