EH Bilduren ekimenez, oposizio osoak Osasun sailburuaren jokaera gaitzetsi du VIP txertoen auzian

“EAJ eta PSEren gehiengo osoak ere ez du Gobernuaren ahulezia ezkutatzeko balio” dio EH Bilduk I “Gehiengo osoa txertaketa irregularren kasuan benetan gertatu zena argitzea eragozteko baliatzen duenak ahulezia baino ez du erakusten”, dio talde soberanistak I Jaurlaritza bakarrik geratu da Sagarduiren defentsan

EH Bilduren ekimenez, oposizio osoak VIP txertoen aferan Gotzone Sagardui Osasun sailburuak izan duen jokabidea gaitzetsi du gaur. Sailburuaren erreprobazioa ez da onartu EAJk eta PSEk Legebiltzarrean duten gehiengo osoa baliatu dutelako atzera botatzeko. “Horrek, hala ere, ez die Urkulluren Gobernuaren ahulezia politikoa ezkutatzeko balio izan”, dio ezkerreko talde soberanistak. “Gehiengo osoa Santa Marina eta Basurtuko ospitaleetako txertaketa irregularren kasuan benetan gertatu zena argitzea eragozteko eta Osasun sailburuaren gezurrak estaltzeko baliatzeak ahulezia baino ez du erakusten” EH Bilduren aburuz.

Rebeka Uberak adierazi duenez, “gobernu batek asmatu dezake edo ez arazoak kudeatzen, eta hori ulergarria izan daiteke, onartzeko modukoa, baina onargarria ez dena, onartezina dena, gezurrak esatea da, eta are onartezinagoa gehiengo osoa erabiltzea gezur horiek estaltzeko; hori da Osasun sailburuak eta Gobernua sostengatzen duten taldeek kasu honetan egin dutena. Horregatik proposatu dugu Legebiltzarrak sailburuaren jokabidea gaitzestea. Finean, hori da gaurko eztabaidaren muina, gezurra tresna politiko onargarria den ala ez gobernu baten kudeaketa defendatzeko. Guk argi dugu ezetz, Gobernuak beti esan behar diolako egia jendeari, eta txerto irregularren kasuan ez da hala izan”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du EAJk eta PSEk VIP txertoen auzia argitzeko oposizioak eskatutako agerraldiak galarazi dituztela, eta, horren haritik, euskal gizarteak “egia osoa ezagutzeko eskubidea” duela azpimarratu du. Hortaz, “EAJk eta PSEk azalpen bat zor diote: zergatik inposatu nahi dute Sagardui sailburuaren errelato bakarra? Zergatik ez dute gainerako inplikatuen ahotsak entzutea nahi? Zeri diote beldur? Zer ezkutatu nahi dute? Benetan uste dute sinesgarria dela gobernuak bere burua zintzoki ikertu duela? Ez dugu gezurra esaten digun gobernu bat merezi”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude