Eskubide Sozialen Kartaren partaideen iritziz fiskalitatea, herritarren ulermenetik urrun dagoen ariketa abstraktua baino, eguneroko bizitzan guztiz barneratuta dagoen elementua da. “Gakoa aberastasuna nola sortu eta banatzen den horretan dago. Aberastasuna badago, arazoa da kapitalaren edota errenta altuenen mesedetan banatzen dela eta ez dagoela modu orekatuan birjasotzeko neurri fiskalik”.
Horregatik, egungo egoerari aurre egiteko ezinbestekoa izango den gastu igoera guztia eta sortuko den zor publikoa errenta altu, kapital-errenta, ondarea eta enpresen irabazien zergen kontura izatea aldarrikatzen dute. Baita aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeak osatzea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta babes soziala bermatuko dituzten aurrekontuak izan daitezen.
Hori dela eta, EHESK-k fiskalitate eredua herritarrei gerturatzeko ahalegina egingo du, azaroaren 5an mahai ingurua antoluz. Era berean, fiskalitate eredu berri baterako oinarriak adostu eta mahai inguruan aurkeztuko dituzte.
Eskubideak bermatzeko lau lehentasun
EHESKren barruko eragileek argi dute osasun krisiak modu gordinean kolpatu dituela egoera zahurgarrian bizi diren herritarrak, “lehendik zetozen eskubide urraketak agerian utziz”. Diotenez, eredu sozioekonomikoa eraldatu ezean, “herritarron oinarrizko eskubide sozialak (etxebizitza, osasunginta, hezkuntza, elikadura osasuntsua, energia…) daude jokoan. Horregatik, kalitatezko enplegu duina aldarrikatu dute eta enplegua suntsitu nahiz prekarizatzeko saiakera oro salatu dute: “Gero eta langile edota pentsionista gehiago bizitza duina bermatzeko ezintasuna dute, eta emakume edo gaztea izanagatik egoera okerrean daude”.
Horregatik, pobrezia eta bazterketa sozialaren kontrako Herritarren Ekimen Legegilean planteaturiko neurriak, hots, DSBEa eta EBa gutxieneko soldataren %100a eta etxebizitza eskubidea aldarrikatu dituzte. Baita 1080 eurotako gutxieneko pentsioa zein 1200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko gehienezko lanaldia ere. Ildo beretik, administrazio egoera irregularrean eta ezkutuko ekonomian lanean ari diren pertsona guztien erregularizazioa mahai gainean jarri dute.
Zerbitzu publikoak garatu beharra
Eskubide Sozialen Kartak ikasturte hasieratik borrokan dauden osasungintza, hezkuntza, zahar egoitza, azpikontrataturiko zerbitzuetako edota gizarte zerbitzuetako langileak borrokan daudela gogorazi du. Kartaren arabera, “ezinbestekoa da zerbitzu publikoak indartzea eta garatzea, herritar guztioi eskubideak bermatzeko bidea delako”. Horretarako, ordea “egungo politika publikoen norabidea errotik aldatu behar da, pertsonak erdigunean kokatuz eta eredu sozio-produktiboa estrukturalki aldatzeko bideari ateak irekiz”, adierazi dute.
Ildo horretatik, zerbitzu publikoa garatzea aldarrikatu dute: Zaintza lanean (zahar egoitza, eguneko zentro, aniztasun funtzionala duten pertsonentzat egoitza-elkarte, adin txikikoen bizileku eta etxez etxeko zerbitzuak), osasungintzar publikorako lanean ari diren zerbitzuen, administrazio publikoek (hezkuntza publikoa, osasungintza…) azpikontrataturiko zerbitzuen (garbiketako, hezkuntzako monitoreak, jantokietako langile-hezitzaileak…) eta anbulantzia zerbitzuen berehalako publifikazioa, langile guztien subrogazioa eta finkateko salbuespenezko prozedura bat bermatzea eskatu dute. Horrekin batera zaintza eredu aldatu eta jaiotzatik heriotzara zaintza bermatuko duen kalitatezko zaintza sistema-publiko, unibertsal eta doakoa bermatzeko administrazioak 10.000 lanpostu sortzea ere aldrrikatu dute.
Mobilizazio dinamika herrialde guztietan
Aurreko guztian eragiteko “aurrekontuak ezinbesteko tresna” direla adierazi dute, eta horregatik, mobilizazio dinamika martxan jarriko dute. Mobilizazioarekin batera, proposamenak egingo dituzte, aurrekontuak “pertsonen beharretara baldintzatzeko”.