Euskal Herria Baterak deitutako ekimenetan parte hartzeko deia egin dute EH Bilduk, ELAk eta LABek

EH Bilduk, ELA eta LAB sindikatuek iganderako Euskal Herria Baterak deitutako ekimenetan parte hartzeko deia egin dute I

Iazko Aberri Eguna baldintza oso berezietan ospatu behar izan zuten euskal herritarrek, pandemiak eta horren ondorioz ezarritako murrizketa neurriak baldintzatuta. Aurtengo Aberri Eguna ere ezin izango da aurreko urteetan bezala ospatu, baina herri bat garela, burujabeak izan nahi dugula eta gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko dei egin du EH Bilduk hurrengo igandeko ospakizunetan.

Modu horretara, Euskal Herria Batera herri ekimenak deitutako ekimenekin bat egiten du EH Bilduk eta horietan parte hartzera animatzen ditu Euskal Herria burujabe bat nahi duten herritar guztiak. Apirilaren 4ko 12:30ean herrietako plazetan abesteko eta balkoietan ikurrinak jartzeko deia egin du Euskal Herria Baterak. EH Bilduk ekimen horietan parte hartuko du eta horiekin bat egiteko deia egiten die euskal herritarrei.

ELAk eta LABek ere bat egiten dute Euskal Herria Bateraen ekitaldiekin

Bestalde, ELA eta LAB sindikatuek ere bate egin dute Euskal Herria Baterak deitutako ekitaldkiekin.

ELAk dioenez, “nazio bat garelako, beste urte batez aldarrikatzen dugu gure orainaren jabe izateko eta herri gisa nahi dugun etorkizuna adierazteko eskubidea”. Euskal sindikatuaren ustez, “egoera pandemikoak agerian utzi du interdependentzia hori. Irtenbide globalak eskatzen dituzten erronka eta arazo globalei aurre egin behar diegu, klima-aldaketaren kasuan bezala. Baina krisi-egoera horrek agerian uzten du, halaber, gure subiranotasun eza, eta, aldi berean, nazio eta klase gisa dugun benetako pultsua“.

Gure herriko eragile politiko nagusiekin ditugun ezberdintasun sakon horiek ez dira oztopo Aberri Eguna bezalako jai batek eskatzen duen keinu partekatuarekin bat egiteko. Zentzu horretan, gure egiten dugu Euskal Herria Baterak abian jarritako ekimena. Baina, keinu horrekin bat etorriz, ez diogu uko egiten abertzaletasunaren kontzepzio jakin bati, beste eragile batzuek bezain legitimoa dena, eta ELA bezalako sindikatu batentzat berdintasunari, elkartasunari eta gizarte-balioei lotuta egon behar duena.

LABek, bere aldetik, adostasunak eraikitzeko eta indarrak metatzeko apustua berretsi du Aberri Egunarekn etorrerarekin. “Euskal Herria Estaturik gabeko nazioa izanik, azken hilabete hauek estatuekiko dugun menpekotasunaren eta lurralde zatiketaren ondorioen eragina zein den erakutsi digute”, adierazi du sindikatu abertzaleak. Bere iritziz lan harremanek, pentsio sistemak eta babes sozialak eraldaketa sakon baten beharra dute, eta eraldaketa hori “Euskal Herritik bultzatu behar dugula uste dugu, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua egituratzeko urratsak emanez”. LABen ustetan “eredu sozioekonomikoak eskatzen duen errotiko eraldaketa sakona azken muturreraino eramateko, Euskal Errepublika Sozialista eta Feminista erdietsi behar dugu”.

“Gehiengo sindikalean, gaur gaurkoz, ez dago akordio orokorretarako aukerarik, baina herri honetan gehiengo sozial zabala osatzen dugun eta aldaketa sozialak eta erabaki ahalmen handiagoa eskatzen dugunon arteko adostasunak eraiki eta indarrak metatzen jarraitzearen aldeko apustua egiten dugu“ adierazi du LABek.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude