Gernikaren suntsiketaren 85. urteurrenean, Euskal Herriak gerrari ezetz esan dio

Gaur, apirilak 26, Alemania naziaren hegazkinek, Franco general kolpistaren aginduz Gernika bonbardatu eta txikitu egin zeneko 85. urteurrenean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Euskal Herriak gerrarik ez esateko elkarretaratzeak egin dira. Bilbokoa arratsaldeko 19:00etan izan da, Udaletxearen aurrean, bertan ehunen bat pertsona bildu direlarik. Ekimenean agiriaren sinatzaileetako erakundeen ordezkariak batu dira, herritarrekin batera.

Ekimenaren bukaera aldean Gernikan ezagutarazitako Aigiria irakurri dute kontzentrazioaren bultzatzaileetako bik. Aipatu agirian, Euskal Herriak gerrari ez esatearekin batera elkarrizketa, bakea, bizitza eta burujabetza aldarrikatzen dira. Idazkian, faxistek bonbardatutako euskal herriak gogoratu egiten dira eta, halaber, Hego Euskal Herriak NATOri emandako “ezezko borobila” ere: “Euskal herritarrok ez genuen pasatzen utzi nahi gerra inperialistarako aliantza militarraren parte ez genuela izan nahi esateko aukera” dio agiriak. Bestalde, Errusiak Ukrainaren aurka abiatutako eraso militarra zein munduko beste lekuetan eragindako gerrak edo gatazkak (Siria, Yemen, Palestina, Sahara, Kurdistan, Afganistan…) eta Europara heltzeko asmotan ihesi gure lurraldeetara etorritako errefuxiatuak –gatazkek zein gerrek bultzatutakoak edo pobreziatik ihesi datozenak– gogoan izan dituzte.

Azkenik, Gernikan ezagutarazi zen manifestuan Errusiak Ukraniaren aurka abiarazitako  erasoaren aurrean gerra gelditzea eskatzen dute, soldaduak haien jatorrizko herrialdeetara bueltatzea, elkarrizketaren bidez bakea erdiestea eta bizitzak eta herrien burujabetza errespetatzea eskatzen dute Euskal Herriak gerrari ez izeneko agirian.


Info +

Agiria osorik irakurri daiteke hemen.

Agiriari atxikitzeko, sinatu hemen

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude