Hezkuntza-aurrematrikula epea zabaldu da gaur

Hezkuntza Sailak gaur, urtarrilak 18 zabaldu du Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea I Urtarrilaren 29ra arte egongo da irekia izen-emate epea

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak eta Begoña Pedrosa sailburuordeak aurkeztu zuten iragan astean Bilbon 2021-2022 ikasturterako eskola publikoetako aurrematrikula kanpaina, aurten Euskal eskola publikoa: nirea, zurea, denona leloarekin abiatuko dena.

Aurrematrikula prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko Euskal Autonomia Erkidegoko 700 ikastetxe (horietatik 454 publikoak, %65). Eskaerak aurkezteko bi bide ipini ditu Hezkuntza Sailak familien esku: online burutu ahal izango da prozesu guztia, dokumentazioa aurkeztea barne, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez; baina aurrez aurre ere egin ahal izango da, lehen aukeratzat markatu den ikastetxean (idazkaritza ordutegian).

Ikasgunea ataria

Bide telematikoa aukeratuz gero, hezkuntza sailaren webgunearen bidez egingo da, eta honek Ikasgunea atarira bideratuko ditu gurasoak. Plataforma horrek familiei hainbat aukera eta informazio eskaintzen dizkie urte osoan. Horietako bat, aurrematrikula-aldi honi oso lotuta dagoena, Ikastetxe bilatzailean aurki daiteke. Bilatzaile horrek familiei erakusten dizkie ikastetxe bakoitzean dagozkien baremo-puntuak, etxebizitzarekiko hurbiltasunagatik (barematu behar den kasuetarako).

Hezkuntza-komunitateari zuzendutako ataria denez, Ikasguneak aukera ugari eskaintzen dizkie familiei, baita ikastetxearekin edo administrazioarekin komunikatzeko bide bat ere. Besteak beste, Ikasgunearen bidez honako izapide hauek egin daitezke:

HH, LH eta DBHrako aurrematrikula kanpainaren Hezkuntza Sailaren kartela I Irudia: Eusko Jaurlaritza

Eskaerako 12 ikastetxe ere bai

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHrako onarpen prozesuak aldaketa gutxi ditu iazkoarekin alderatuta, duela bi urte izan baitziren aldaketarik esanguratsuenak.

Iaz bezala, onarpen-prozesu horretan ere familia ugariek ez dute baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkeztu beharko. Hezkuntza Saila arduratuko da egiaztapen hori egiteaz tramiteak errazte aldera.

Eskaeran familia bakoitzak 12 ikastetxe hautatu ditzake gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran jasorik. Eskaera guztiak jaso ondoren, ikastetxe bakoitzak izan dituen eskaera guztiekin zerrenda osoa egingo da, edozein dela ere lehentasunen ordena, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasotzen dituzten eskariak ez ezik gainerako eskari guztiak ere barematu beharko dituzte. Honela, familiek ziurtatua izango dute puntu gutxiago duen beste familia bat ez dela inola ere norbera baino lehen sartuko aukeratu duen ikastetxe batera. Sistemak ahalik eta aukerarik onena ematen die familiei, hautatutako zentro bakoitzean dituzten puntuen arabera.

Familia askori izapideak egiteko lana arinduko dion beste neurri bat, eta aurten ere indarrean jarraitzen duena, honako hau da: ez dela beharrezkoa sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek eskaera egitea. Hau horrela da familiek ibilbideko ikastetxe atxikia aukeratzen duten kasuetan, hau da, euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikitako institutu publikoa hautatzen badute, eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute. Beste edozein ikastetxetan jarraitu nahi badu, eskaera egin beharra izango du. Atxikitako institutu bat baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan ere, familiek eskaera egin behar dute.

Udalak errolda agiriak bidaliko ditu etxeetara

Bi eta hiru urteko seme-alabak dituzten ia 550 familia leioaztarrek haurren errolda-agiria jasoko dute gaur eta bihar, etxean bertan. Agiri hori beharrezkoa da gaur hasiko den aurrematrikula formalizatzeko.

Honen bidez, Leioako Udalak gurasoei eskolako aurrematrikulak formalizatzeko gestioak erraztu nahi dizkie, erroldatze-agiria jasotzera udaletxera hurbildu beharrik izan ez dezaten. Errolda-agiriaz gain, Leioako ikastetxe publikoei buruzko informazio-liburuxka bat ere jasoko dute gurasoek, euskararen erabilera sustatzen duten Irria aldizkariarekin batera, D eredua sustatzeko materiala.


Info +

Matrikula egiteko webgunea  www.euskadi.eus/hezkuntza

Ikasgune ataria  www.ikasgunea.euskadi.eus

Egutegia

  • Urtarrilaren 18tik 29ra: eskabideak eta agiriak aurkeztea, Online edo aurrez aurre ikastetxean (idazkaritza ordutegian)
  • Otsailak 16: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira
  • Martxoak 9: behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 16ra arte erreklamazioak egiteko epea.
  • Martxoak 23: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, apirilaren 23ra arte.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak 2021eko Aurrematrikula kanpainarako bideoa

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude