Konzentrazioa bihar Bulebarrean indarkeria matxistaren aurka

Bihar, azaroaren 25ean, arratsaldeko 20:00etan, Suteak  deitutako indarkeria matxitaren aurkako kontzentrazioa egingo da Iparragirre Zeharkaleko Bulebarrean.

Leioako emakume gazteen talde feministak “emakumeok pandemia bikoitza jasaten dugula” salatu nahi izan du deialdia ezagutarazteko banatu duen kartelean. Batetik, koronabirusak eragindako osasun-pandemia eta, bestetik, indarkeria matxistak eragindakoa.

Iragarri dutenez, kontzentrazioan segurtasun distantziak mantendu beharko dute bertaratutakoek eta, noski, maskarilla jarrita egon beharko dute.

Udalak ez du ohiko kontzentrazioa deitu

Leioako Udalak, bestalde, ez du eguerdian Bulebarrean egin ohi duen elkarretaratzea deitu. Horren ordez, 12:00etan minutu bateko isilunea “gauden tokitik” egitera deitu ditu emakumeak eta herritarrak, eta ondoren txalo bero bat jotzera, “gure berotasuna behar duten emakume guztiei helarazteko”.

Udalerriko etxeetako buzoietan banatu duen agirian dioenez, “osasun-larrialdi egoerak aurtengo kontzentrazioak zaildu egiten ditu oso eta horregatik, ahizpatasuna ikustarazteko eta elkartasuna indartzeko” leihoetan eskegitako emakumeen aurkako edozein indarkeria-ekintza gaitzesten duten puntu morea edo bestelako irudi edo mezuak “gurekin partekatzea eskertuko genizueke Leioako Udala etiketatuz (Facebook edo Twiterren) edo #A25Leioa hashtag erabiliz”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude