Langileen eta osasun-sistemaren “muturreko egoera” salatu dute Osasun Zentroaren atarian

Berrogei Osakidetzako langile eta herritar konzentratu dira gaur herriko Osasun Zentroaren atarian SME, ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egindako deialdiari erantzunez. Bertan, osasun langileen muturreko egoera salatu dute eta osasun-sistemaren arazo larrienetarako konponbideak eskatu dituzte.

Osakidetzako sindikatu guztiek salatu dutenez, egungo arazoak “ez dira arazo berriak, urrunetik datozen arazoak” baizik, “azken urteetako murrizketa-politiken ondoriozkoak, eta behin eta berriz salatu izan ditugunak Osasun Sailaren eta Osakidetzaren aurrean. Gaur egungo osasun-krisiak agerian utzi du Osakidetzan dagoen giza baliabide eta baliabide materialen eskasia”.

Lehen Arretako langileek eta herritarrek bilkurak egin dituzte “osasun-zentroetan pairatzen duten kolapsoa eta gainkarga sistematikoa agerian uzteko eta salatzeko”, besteak beste, lan-karga onartezinak; profesionalak ez direla ordezten; arreta jasotzeko itxaronaldia gero eta handiagoa dela; behin-behinekotasun tasa altuak daudela; inbertsio falta dago osasungintzan, bereziki Lehen Arretan; eta abar luze bat.

“Gaur egun, inork ez du zalantzan jartzen Lehen Arreta kolapsoaren ertzean dagoela eta profesional akituak dituela”, adierazi dute sindikatuek. “Hala ere, esan bezala, ez gaude arazo berri baten aurrean, osasun-zentroek lan-gainkarga izaten baitute urte osoan zehar. Egoera horren ondorio izan ziren iaz deitutako hiru greba-egunak. Osakidetzak, ordea, horri aurre egiteko neurriak hartu beharrean, arreta-adabakiak jartzen jardun du. Adabaki horiek lortu duten gauza bakarra izan da profesionalak gehiago kargatzea eta herritarrei eskaintzen zaien arreta-kalitatea gero eta gehiago okertzea”.

Osakidetzako sindikatuen arabera, aurten ere, arazoa larriagotu egin da udaren etorrerarekin. “Beste uda batez, Lehen Arreta bat dugu, udari hamarreneko plantillarekin aurre egin behar diona, ordezkapen edota estaldurarik ez dagoelako; langile batzuk akituta daude gainkarga sistematikoagatik; beharrezko errefortzurik gabe, egunerokotasunean ezinbestekoak badira, are gehiago bizi dugun egoera honetan…”

Aurten, gainera, “profesionalek jasaten duten ohiko gainkargari koronabirusaren kontroletik eta jarraipenetik eratorritako lan-karga gehitzen zaio, eta zeregin hori, zati handi batean, Lehen Arreta ari da bere gain hartzen”. Egoera horretan, sindikatuek Osakidetzak emandako konponbidea “betikoa izan dela” salatu dute: kategoria guztietan ordezkapenik ez izatea, Lehen Arreta ez indartzea, arreta-murrizketak, zentroak ixtea, ordutegiak murriztea…

Sindikatuek Osasun Sailburu berriari “berehalako neurriak eskatzen dizkiogu egungo osasun-krisiaren ondorioak arintzeko, bai eta Osakidetzak pairatzen dituen egiturazko arazoei sakoneko irtenbideak emateko ere”. SME, ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen iritziz “Eusko Jaurlaritza da gure osasun-sistemaren narriadura larrigarriaren eta langileen eskubide eta lan-baldintzen murrizketaren erantzule bakarra”.

Gaineratu dutenez, “pausuak ematen ez badira, mobilizazio dinamika areagotuko dugu, bat ere baztertu gabe”. Horrela, irailaren 25ean, Ospitaleen eta Osasun Mentaleko Sarearen txanda izango da, goizeko 11etan konzentrazioak burutuz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude