Lehen mailako osasun arretaren egoera kritikoa konpontzeko eskatu dio EH Bilduk Urkulluri

Ezker subiranistak eragile politiko, ekonomiko, sindikal eta sozialekin biltzeko deia egin dio Eusko Jaurlaritzari, pandemiak eragindako krisi sanitario eta ekonomikoari irtenbide bateratuak bilatzeko

Azken aste hauetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pandemiaren osasun-ondorioak areagotzen ari dira. Berragerpenak gure lurraldeetako hainbat herritan gertatzen ari dira. Berragerraldiak, bozeramaile politiko eta instituzionalen “adierazpen alarmistak, erantzukizunik ez hartzea eta, ondorioz, egoera horri aurre egiteko neurririk ez hartzea urduritasun eta ezegonkortasun handia eragiten ari dira euskal herritarren artean”, EH Bilduren iritziz.

“Euskal herritarrek ikusten dute gure osasun-sistema publikoa gainezka dagoela eta egoerak gainditzen duela. Eta hori ez da gertatzen Osakidetzako osasun-langileen profesionaltasun eta arreta faltagatik. Hilabeteak daramatzate dena ematen; beren gaitasun fisiko eta psikologikoen gainetik ari dira lanean. Eta ondorioak nabaritzen ari dira”, esan du Maddalen Iriarte EH Bilduko talde parlamentarioaren bozeramaileak.

Lehen mailako arretan ikusten dira gabeziak argien. EH Bilduren bozeramaile honen arabera: “Lehen mailako arretako profesionalek hilabeteak daramatzate beren egoerari erantzuteko eskatzen: gehiegizko lana giza baliabide faltagatik, material falta, ordezkapenik ez laneko bajen ondorioz…”.  Guzti honen ondorioa argia da: “Lehen mailako arretako profesionalak gaindituta daude”, azpimarratu du Iriartek. Pandemiaz betetako azken hilabete hauetan larriagotu egin da jada zaila zen egoera, Iriarteren aburuz: “Lehen mailako arretako osasun-profesional askok oporrak hartu behar izan dituzte udan, eta horrek eragin du anbulatorio askotako egoera kritikoa izatea.“

Osasun-profesionalak gaindituta daudela irizten dio EH Bilduk: “Ez dute egiten duten lan guztia. Giza baliabideak eta baliabide materialak eskatzen dituzte beren lana egin ahal izateko. Eta egoera horren ondorioak herritarrek pairatzen dituzte orain: itxarote-zerrendak, medikua ezin ikustea eta telefono bidezko arreta… Muturreko egoera da, eta gure arduradun instituzionalek erantzun bat eman behar dute.“

”Buzoa jantzi eta konponbideak bilatzeko lan egiteko garaia da”

EH Bilduk Urkulluri eskatzen dio bere eskumenekoak ez diren neurri eta irtenbideetan ez ezkutatzeko eta bere eskumenak beste atzerapenik gabe erabiltzeko. “Buzoa jantzi eta konponbideak bilatzeko lan egiteko garaia da. Gurea bezalako herri batek ez du merezi osasun sistema publiko gainditua eta mugan dauden profesionalak izatea. Lehen mailako arretako profesional horiek dira pandemiaren osasun-ondorioak arintzeko lehen fronte-lerroa. Lehen boladak erakutsi zigun osasuna eta hezkuntza edozeren aurrean zaindu eta babestu beharreko elementuak direla. Herri honek eta bere ordezkari instituzionalek lezio hori ikasi badute, lanari ekiteko garaia da. Aitzakiarik gabe”, adierazi du Iriartek.

EH Bilduren ustez, pandemiak eta horren ondorioek herrialde gisa erantzutea eskatzen dute. Covid-19k eragiten dituen ondorio sanitario eta ekonomikoek elkarrekin bilatu behar dituzte konponbideak. Ezker subiranistak hilabeteak daramatza Urkulluri elkarrizketa gehiago eta herrialdeko eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialen arteko elkarlana eskatzen. EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, “gure osasun-sistema publikoak, hezkuntzak eta ikasturte politikoaren hasierak eta gure gizartearen gainerako zutabeek ezin dute gehiago itxaron. Lan egiteko eta elkarrekin egiteko garaia da. Bakoitzak bere lekutik eta dituen erantzukizunetatik, baina guztiok egin dezakegu ekarpena egoera honen aurrean. Horrela egin du lehenago herri honek, eta uste dugu hori dela modurik eraginkorrena bizi dugun egoera zailari erantzuteko”.

Pandemiaren garapenaren aurrean, kasuen gorakadaran aurrean, egoera bideratu, kontrolatu eta leuntzeko “neurri eraginkorrak behar ditu euskal gizarteak. Ezegonkortasun eta segurtasun falta dagoen garai hauetan, segurtasunak behar dituzte herritarrek. Pedagogia behar dugu, jendearteak ondo ulertu dezan gertatzen ari dena, egoeraren kontzientzia hartu eta egoeraren ardura ere era indibidual eta kolektiboan bereganatzeko” dio EH Bilduk. ”Horretarako, neurri argiak, zentzuzkoak, eraginkorrak eta koherenteak behar ditugu. Oraindik ez dugu horrelakorik ikusi. Elkar zaindu eta babestea dagokigu orain, komunitatea da bakuna eraginkorrena momentu honetan, baina horrek pedagogia eta gardentasuna eskatzen ditu. Komunitate hori osatzen duten eragile eta alderdiekin eskuz eskuz lan egitea tokatzen da orain.”

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude