Leioako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena hastear dago

Udalak 2021ean Leioako hirigintza-planaren berrikuspena hasi berri du. HAPO (Hiri Antolamenduko Plan Orokorra) berria izango da udalerri osoaren antolamendu integralerako oinarrizko tresna nagusia, hau da, Leioa osoko lurzoruaren eta eraikinen erabilerak antolatzen dituena, bai publikoak, bai pribatuak.

Udalak dioenez, egungo HAPO 2001. urtean onartu zen, eta “zikloa amaitu du, planaren helburu nagusietako bat lortuta: Leioako auzoak beren artean lotzea, bizitegi-hazkunde berriei esker, kalitatezko hiri-espazioak sortuz, babestutako etxebizitza-eskaintza handiarekin (ia eraikitakoaren erdia) eta berdegune handiekin (17 m2 espazio libre eta berdegune baino zertxobait gehiago biztanleko lortu arte)”.

Horrela, 20 urtez HAPO garatu ondoren, hori berrikustea beharrezkoa da, “Leioak bere egungo eskaeretara egokitutako hirigintza-plan bat izan dezan eta etorkizuneko beharrei erantzuteko gai izan dadin”.

HAPOaren berrikuspenaren logoa I Irudia: Leioako Udala

HAPOren berrikuspena, behin betiko onartu arte, prozesu luzea da (gutxi gorabehera bost urte iraungo duela uste da), eta herritarren parte-hartzea lehenengo faseetan bereziki garrantzitsua da. Horrela, “lagun kopuru eta aniztasun handienaren parte-hartzea sustatzeko eta HAPO berriak bizilagunen beharrei erantzun diezaien, hainbat ekintza egingo dira, hala nola: prestakuntza-saioak, informazio hitzaldiak, erakusketak, aldizkariaren eta udalaren webgunearen bidezko zabalkundea, etab”.

Lehenengo mugarriak

Lehenengo mugarria irailaren amaieran Herritarrek Parte Hartzeko Programaren onarpena izan zen. Bigarren mugarria, partaidetza instituzionalari dagokionez, HAPO berrikusteko prozesua udal teknikariei aurkezpena izan zen, urriaren hasieran.

Azaroari begira, hurrengo mugarri esanguratsuak Danontzako Hirigintzari buruzko bi hitzaldi dira, azaroaren 10ean eta 17an, asteazkena, Kultur Leioako auditorioan. Helburua HAPOren esparru teknikoa modu erraz eta dibulgatiboan azaltzea da, herritar leioztarrei errazago ulertzeko.

Abenduan, herritarrek parte hartzeko ekintza ugari hasiko dira, eta datozen hilabeteetan zehar luzatuko dira, HAPOren diagnostiko-fasearen barruan.

Udalak iragarriko ditu nola eta noiz parte hartu ahalko duten herritarrek HAPOaren berrikuspenean .

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude