Mugikortasun iraunkorraren Europako Astea ospatuko da beste behin ere Leioan

2016ko ekitaldi batetako argazkia (Argazkia: Leioako Udala)

Irailak 16-23 bitartean Iraunkortasunaren Astea ospatzen da Europa mailan eta Leioan ere, ekintza ezberdinekin egin nahi zaio aurre mugikortasuna, osasuna eta iraunkortasuna lotzen duen erronkari. Sabino Arana kalea moztuko da 22an, modu sinbolikoan, espazio komuna elkarrekin bizitzeko, eta 23an XIII. Oinezkoen Pausura Ibilaldia ospatuko da.

Mugikortasun iraunkorraren alorrean sentsibilizazioa, praktika eta herritarren ohitura berriak eta tokiko politika berriak martxan jartzea helburu du Europako kanpainak.

Leioak jaso duen espazioa antolatzeko moduaren erdigunean “autoa” dago. Hiri bilbea “helduen eta motor bidezko” mugikortasun beharren eta horrek dakarren guztiaren arabera antolatu da: lana eta ekonomia, presa eta joan-etorriak, etab.

Antolatzeko modu horren ondorioak ez dira onuragarriak gehiengoarentzat. Autoek gure herrietan duten presentzia desorekatua dela-eta, gidatzen ez duten pertsonak edo ezohiko beharrak dituzten pertsonak baztertzen dira.

Segurtasun falta eta gure ingurumenaren kutsadura handitzeaz gainera, hortik eratorritako ohiturek gure osasuna kaltetzen dute, besteak beste.

UPV/EHU, Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Europako Sareko kide

UPV/EHUk, bere aldetik, bat egin du U-MOB LIFE Unibertsitateetan Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Europako Sarearekin. Bere helburu nagusia da Europar Batasuneko (EB) unibertsitateetan mugikortasun iraunkorraren arloko praktika onen ezagutzak elkartrukatu eta transferitzea. Proiektuaren barruan bazkide dauzka mugikortasun iraunkorraren praktikak ezartzen aitzindariak diren unibertsitateak: Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa; Rotterdameko Erasmus Unibertsitatea (Herbehereak);  Università degli Studi di Bergamo (Italia), eta Politechnika Krakowska (Polonia).

UPV/EHU maila gorena den hirugarrenean elkartu da. Horrek dakar epe laburrean mugikortasun praktika onak ezartzea, hau da, garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak sustatzeko eta kotxe pribatuen erabilera gutxitzeko ekimenak martxan jartzea. “Lanean jarraituko dugu unibertsitate zentroak garraio publiko eta motorrik gabeko garraiobideetarako irisgarriago egiteko”, esan du Estibaliz Sáez de Cámara Oleagak, Unibertsitateko Iraunkortasunaren arloko zuzendariak, eta , aitortu du: “Hobetzeko marjina handia da, bereziki Bizkaiko Campusean”.

Bitxiak benetan hitzok ezen, Campus honetako Leioa-Erandioko eremuan bizikletak alokatzeko zerbitzua 2016-2017 ikasturtean bertan behera geratu baitzen, udalerri osoan bezalaxe, Leioako Udalak hala erabakita. Instituzio huek ez dute argitu zerbitzua berrezarri nahi duten edo behin betiko kendu duten.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude