Maiatzak 17, LGTBIfobiaren aurkako nazioarteko egunaren adierazpena

Berdindu

Maiatzaren 17an, ahotsa goratzen dugu (are gehiago) LGTBI pertsonen aurkako erasoak salatzeko eta pertsona bakoitzaren errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizarte justua, berdintasunezkoa eta askotarikoa eskatzeko.

Argi dago indarkeria erabiltzeko modu asko daudela; LGTBI pertsonek badakite hori, eta egunero pairatzen dute. Eusko Jaurlaritzak diskriminazioaren aurka borrokatzeko bultzatzen duen ERABEREAN sarearen azken txostenaren arabera, sexu- orientazioagatiko eta/edo generoagatiko erasoak gure gizartean ohikoena den bigarren diskriminazio-modua dira. Toki-mailan, IKUSGUNEk – Vitoria-Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako Behatokiak – zehazten du jasotzen diren eraso gehienak transfobiarekin lotuta daudela, eta horien salaketak esponentzialki areagotu direla.

Agerikoa da salaketak ugaritu izana LGTBI komunitateak urteetan jasan duen isiltasunaren isla baino ez dela. Horregatik, beharrezkoa da gure gizartean oraindik indarrean dauden diskriminazioen aurkako borroka sendotzen jarraitzea, askotan ikusezinak diren genero-identitate, -orientazio eta -adierazpen guztiak errespetatuz; gizarte osoaren erantzukizuna diskriminazio- eta indarkeria-mota guztien aurka borrokatzeko.

Berdindun hainbat gizarte-eragilerekin lan egiten dugu gizartea ikusarazten eta eraldatzen, eraso horiek guztiak saihesteko. 23 urte igaro dira OMEk homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zionetik, eta bost urte DSM-5ek (Ameriketako Estatu Batuetako Psikiatria Elkartearen Diagnostiko eta Estatistika Eskuliburua) transexualitatea buruko nahasmendu gisa ezabatu zuenetik.

Elkarteok, erakundeek eta gizartearen alderdi konprometituenak gogor eta aktiboki lan egiten dugu LGTBI pertsonek aurre egin behar dieten oztopo erantsiak ezabatzeko. Hamarkadak dira Eusko Jaurlaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, edozein diskriminazio ezabatzen saiatzen ari dela; Berdindu zerbitzua horren erakusle da.

Gaur maiatzaren 17a da. Eta gaur, urteko gainerako 364 egunetan egiten dugun bezala, gizarte hobea bultzatzeko eta sexu- eta genero-aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko konpromisoa berresten dugu. LGTBIfobiarik gabeko gizarte baten alde!

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude