Ongi Etorri Errefuxiatuak Taldeak “Loteria tokatu zaizu” ekimena burutu du gaur 12:30etik ordu biak bitartean herriako erdialdean zehar.
12:30ean zuten hitzordua jarrita Osakidetzaren Osasun Zentroaren ondoko Tigre plazan. Bertatik akordeoi eta txirula jotzen zuen bikotearen doinuak alaituta hasi dira “Loteria Mundiala” izenekoaren 01300 zenbakiaren hamarrenak banatzen.
Zergatik 01300 zenbakia banatzearen arrazoia ustezko Loteria Mundialaren hamarrenean zetorren: horiexek baitziren 2017an Mediterraneo Itsasoan hildako pertsona migratzaileak.
Diotenez, horiexek dira “kontatzen ez duten hilak”, “ez dira europarrak, ezta zuriak ere. Ez dute truke-baliorik gure ekonomian”.
Loteria Mundialaren “boleto sarituaren” atzekaldean azaltzen zuten zergatik tokatu zaien loteria boleto norihartzen zutenei: “Gure portuetaik ateratzen diren bonbetako aterperik bilatu behar ez duzulako; etxea utzi, familia eta lagunengandik urrundu beharrik ez (duzulako); itsaso ezezagun batean heriotzaren aurka burrukatu behar ez duzulako; helmuga seguru batera iristen uzten ez zaituztelako kanpamendu batean pilatuta biziraun behar ez duzulako; bihar zeozer jateko izango duzun zalantzarik ez duzulako; gaixotzen bazara arreta izango duzulako; herrialde pobreetako biztanleak baino 19 urte gehiagoz biziko zarelako eta edonora joan zaitezkelako, bidaia-txartela ordainduz”.
Horregatik, herritarrak solidarioa izateko dei egin dituzte. “Zoriontsuago izateko konpartitu zure zorte ona”.