Uztailaren 2an, katalan eta euskal herritarrok 300 gailurretik gora argiztatzera Pirinio osoan zehar deitu du Gure Eskuk Katalunyako Assemblearekin batera. Farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatzeko asmoa dute Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora, bi herrien autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko. Erronka kolektibo erraldoia izango da. Euskal herritarrek 115 gailur argiztatu nahi dituzte, Jaizkibeletik Benasqueraino, eta honez gero, gailur hauetan guztietan izen ematea zabalik dago.
Gailur ‘berdeak’ eta ‘gorriak’ bereiztu dituzte antolatzaileek. Gailur ‘berde’ guztiak Euskal Herrian daude, eta jende gehienarentzat irisgarriak dira. Herri bakoitzak gailur berde bat(zuk) izango d(it)u izendatuta, honenbestez, izena emateko garaian, jendeak nongoa den adierazten duenean, gailur bat(zuk) proposatuko zai(zki)o, herrikideekin batera joan dadin. Edonola ere, beste edozein gailur aukeratu ahal izango du. Mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokiak diren gailurrak ere aukeratu dira; infografia honetan horiz markatuta ageri dira. Izen ematea www.gureesku.eus webgunearen bidez egingo da.
Gailur ‘gorri’ gehienak Erdialdeko Pirinioan daude, eta mendizale trebatuentzat bakarrik dira egokiak, horregatik, izen emate mugatua dute, kasu honetan, beste bide batetik: pirinioetakobidea@gureeskudago.eus posta elektronikora idatzi behar da. Gailur hauetan izen ematea martxan dago urtarrilaren 29tik, eta asko dira dagoeneko ekimenarekiko interesa erakutsi duten herritarrak; hala, gailur gorrien erdietan espedizio-taldeak osatuta daude.
Mendietara joan gabe ere, era batera ala bestera, erronka kolektibo erraldoi honen parte izango diren herritarrek ere izena eman dezakete www.gureesku.eus-en, euren herria hautatuz. Zenbait herritan ekintza sinboliko bat egingo da uztailaren 2ko ilunabarrean, eta beste batzuetan, aurreko asteetan zehar egongo da nola parte hartu.
Bestalde, ekimen honen antolatzaileek hasia dute Pirinioetako Bidearen aurkezpen bira. Pirinioetan hasi ziren, martxoaren 4an, Auñamendin, eta datozen asteetan, herriz-herri ibiliko dira. Hasteko, hegoaldeko hiriburuetako aurkezpenen berri eman nahi izan dute: Bilbon, gaur bertan, martxoaren 15ean, 19:00etan La Bolsan; Donostian martxoaren 24an, 19:00etan, Kriptan; Gasteizen martxoaren 25ean, 19:00etan, Landatxon; eta Iruñean martxoaren 30ean, 19:00etan, Katakraken.