Salbuespeneko espetxe politikari amaiera jartzeko eskatu dio Etxeratek espainiar Gobernu berriari

Dispertsioa modu sistematikoan ezarri zutenetik 33 urte igaro dira

Etxerat elkarteak PSOEk eta Unidas Podemosek osatzen duten espainiar Gobernu berriari urrunketaren espetxe politika ezarri zenetik 33 urte igaro direnean egoera horrekin amaitzeko eskaria luzatu dio. Elkartearen aburuz euskal gizartearen eskaera aintzat hartzeko ordua da. “Inoiz ez du justifikaziorik izan, sufrimendua eragiteaz gain giza eskubideak urratzen dituelako. Orain ere ezin da aitzakiarik egon” adierazi du elkarteak.

Euskal preso eta erbesteratuen senide eta lagunen erakundeak gogoratu du “duela hilabete bat baino gutxiago euskal gizarteak Bilbo eta Baionako kaleak bete zituen berriz ere urteroko manifestazio jendetsuan”, baita ere ez dela lehen aldia euskal gizarteak “gaur egungo espetxe politikarenganako gaitzespena adierazten duela: gehiengo sozial, politiko eta sindikala behin eta berriz urrunketarekin amaitzeko eta espetxe politikan aldaketa bat ematearen alde agertu da. Nafarroako zein Euskal Autonomia Erkidegoko sindikatu guztiek egindako adierazpenak” ere gogorazi dute Etxerat-etik. Horiek eta Nafarroako eta Euskal parlamentuetako adierazpen instituzionalak eta onartutako 60 udal mozio baino gehiago, hilabeteko azken asteazkenetan sindikatuek Bilbon egiten dituzten elkarretaratzeak, edota duela gutxi Nafarroako parlamentuak hurbilketaren alde emandako adierazpena. Baina, gogoratu dutenez, “Espainiako Gobernuak ez dio erantzunik eman eskaera sozial honi”.

Urrunketaren mapa. Foto: Etxerat elkartea

Etxeratek Pedro Sánchezek 2018ko ekainean espetxe politikan aldaketak iragarri zituela ere ekarri du gogora. “Harrezkero hurbilago dauden espetxeetara lekualdaketa batzuk egon dira baina baita urrunago dauden espetxeetara ere. Gradu progresio batzuk ere egon dira, baina oso gutxi, gure senide presoen gehiengoak lehenengo graduan jarraitzen duelarik eta justifikaezinak diren isolamendu egoerak ere badaude”. Horregatik salatu dute “Espainiako Gobernuaren jarrera zalantzatia, salbuespeneko espetxe politika sistematikoki ezartzen duena”.

“Presoen senitartekoen egoerak ez ditu zalantzak onartzen, ezta atzerapenik ere ez”, adierazi dute presoen senideek. “Espetxe politikaren aldaketa iragarri zenetik 19 hilabete luze igaro dira, baina oraindik ez da gauzatu. Bidaia luzeak egitera behartuta gaudenontzat arriskuz betetako 83 asteburu igaro dira”. Etxeratek esandakoaren arabera, denbora tarte horretan 18 istripu jasan dituzte, horietatik 16 Estatu espainiarrean, eta 3 kaltetu eragin dituzte, haien artean hilabete gutxiko haur bat.

Senideei eragiten zaizkien sufrimendua eta kalteak “Espainiako Gobernuak badaki”. Etxeraten aburuz, “badaki zenbat istripu, zenbat zauritu, zenbat hildako egon diren senideak izateagatik; zenbat biktima potentzial bilakatzen diren astebururo, zenbat senidek haien bisita eskubideari uko egitera behartuta dauden, urrunketaren helburu nagusia senide eta lagunoi eragiten digun sufrimenduaren erabilera delako”.  Horrexegatik egoera horrekin amaitzeko eskaera luzatu dio eratu berri den Gobernuari.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude