Sare-k “Konponbiderako giltzak” kanpaina martxan jarri du

Sare Herritarrak eta politika, gizarte eta kultura arloko dozenaka aurpegi ezagunek euskal presoen afera konpontzeko beharra adierazi zuten atzo, Gernikan, manifestu baten bidez: «Konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez pare zabaldu nahi eta behar ditugu». Konponbiderako giltzak kanpaina abiatu dute horrela, eta urtarrilaren 13an Bilbon mobilizatzeko deia egin dute. «Bete ditzagun kaleak giltzaz, konponbidearen mesedetan», adierazi zuen Bego Atxa Sareko eledunak.

150 lagunek baino gehiagok sinatu dute manifestua. Honela dio: «Giltzari esker sartu eta irten egiten gara: aurrera egiten dugu. Edo atzean geratzen gara, gotorturik». Izan ere, giltza «iraganeko minak, gorrotoak eta biolentziak» atzean uzteko baliatu beharrean, «inoren sufrimendua ahaztu edo gutxietsi gabe» aurrera egiteko irakaskuntza izan daitekeela adierazi dute: «Akatsetatik ikasiz ez errepikatzeko, norgehiagokak giltzapetu eta iraganean ainguratzen gaituzten lehiak ixteko». Bi arlotan eskatu dituzte urratsak sinatzaileek. Batetik, biktima guztiei «tratamendu justu eta berdina» emateko modua egiteko, «sufritu duten pertsona guztiak» aintzat hartuz eta errespetatuz. Bestetik, euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide bat bilatzeko: «Espetxe eredu berri, humanizatu eta justuago batean sakonduz, euskal presoei dagozkien eskubideen jabetza aitortuz». Esan dute eskaera hori ez dela «zigorgabetasunarekin» nahastu behar.

ETAk borroka armatua etetearekin zein euskal presoei ezarritako bakartze eta urruntze politiken amaierarekin «urrats sendoak» egin direla onartu dute, baina gogoratu dute presoek oraindik ere «legearen bidea jorratzeko ateak ireki ahala» aurrera egiteko «oztopo diren sarraila berriak» izaten dituztela sarri: «Salbuespenak giltzarrapo izaten darrai, etxerako ateak itxita jarraitzen du».

Bide beretik, Atxak azaldu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileen eta fiskalen jarrera urrun dagoela oraindik «espetxe politika justu bat» izateko helburutik, nahiz eta salbuespenezko politikak «inolako justifikaziorik» ez izan. Are gehiago, espetxeetako tratamendu batzordeen eta Eusko Jaurlaritzaren irizpideekin «talka» egiten duela salatu du. «Eusko Jaurlaritzak onartu dituen gradu progresioen % 75i helegitea jarri die Fiskaltzak, eta askok itzuli behar izan dute espetxera eta bigarren gradura», xehatu du, azalduz egoera horrek «estres egoera nabarmenak» eragiten dizkietela presoei. Horren harira, gizartea «elkarbizitzarako ateak irekitzeko lanetan» ari dela azaldu dute, eta arlo politiko, sindikal zein sozialean eragiteko nahia dute, «etorkizuneko ateak irekitzeko».

Bide batez Sarek kanpaina berri honen bideoa ezagutzera eman zuen.


Konponbiderako giltzak kanpainaren bideoa

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude