Sarek Uribe Kostako Martxa antolatu du oztoporik gabeko etxerako bidea aldarrikatzeko

Sarek Uribe Kostako Martxa antolatu du datorren igandean, maiatzak 8, euskal preso, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko bidean oztoporik jar ez daitezen aldarrikatzeko.

Martxa Berangon hasiko da, goizeko 10:30ean, herriko frontoitik abiatuta. Handik Algortarantz joango da, 11:15 Benanciosera heltzeko. 12:00etan Portu Zaharreran helduko da, handik Bizkaia Zubiranzko bidea egiteko. Hara 13:00etarako heltzea espero da. Azkenik, Areetako Xake Plazan bukaera ekitaldia burutuko da.

Martxa Sare herritarrak duela bi urte abiatutako Izan bidea ekimenaren baitan antolatu da. Sarek dioenez, ekimen horren bitartez, euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe politika bertan behera uzteko euskal herritarrek “duten nahia mugimenduaren bitartez, aktibazioaren bitartez, kilometroak eginez, adierazi nahi izan dugu”. Eta baita, hein handi batean, lortu ere, Sareren iritziz. “Izan ere, azken bi urteetan, espetxe politikaren baitan aldaketa garrantzitsuak ikusten hasiak gara; 40 urte luzez ezarritako urruntze politikarekin amaitzen hasiak gara eta isolamendua eta lehen gradua iraganean geratu dira. Lorpen hauek urte guzti hauetan egindako lanaren eta kalean bildutako herritarren bultzadaren fruitua dira, eta horregatik, eskerrak eman eta bide honetan urratsak ematen jarraitzeko eskatu nahi dizuegu. Izan ere, oraindik luzea da egiteko dugun bidea; 85 dira oraindik EHtik kanpo dauden euskal presoak, hirugarren gradua eta baimenak eskuratzeko bidea oztopoz josia dago eta gaur gaurkoz gutxi dira progresio hori eskuratzea lortu duten presoak, oraindik 19 larriki gaixo diren preso daude espetxean eta gurasotasunak espetxean zailtasunez beteriko aukera izaten jarraitzen du.”

Asko badira salbuespenaren baitan gainditu beharreko trabak, Sareren ustez. “Baina bidea hasia dugu, arrakalak zabalik dira hormetan, eta etxeratze prozesua inoiz baino egingarriagoa da, orain arte moduan lanean eta urratsak ematen jarraitzen badugu.”

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.