SOS Kurkudi: “7 hilabete erantzunik gabe”

SOS Kurkudi plataforma kexu agertu da, zazpi hilabete pasatu ostean, Kurkudi mendian kokatuta dagoen Ama Domingotarren Komentuaren lurzoruan eraiki nahi duten Kirol Klub pribatuaren proiektuari aurkeztutako alegazioak Udalak ez baititu oraindik erantzun.

Bere Facebook orrialdean argitaratu den sarreran dioenez, “SOS Kurkudi herri plataformak 2019ko abenduaren 31n aurkeztutako 21 alegazioei ez die erantzunik eman” oraindik herriko Udalak.

Plataformak dioenez, “pandemiak ez gaitu distraitzen eta prozesuaren zain jarraitzen dugu”. Taldearentzat “natura kontserbatzea, zerbitzu publikoak sustatzea eta mugikortasun iraunkorra bultzatzea” ardatzak “beti izan dira garrantzitsuak, eta, gaur egun, ezinbestekoak zaizkigu”.

SOS Kurkudiren ustez, garrantzitsua da “herri gisa kontzientzia hartzea Leioako Udalak Kurkudiren lurretan egin nahi duen babesgabetasuna baztertzeko arrazoiei buruz”.

Talde honen aburuz “ez du zentzurik babes bereziko lurzoru urbanizaezin gisa sailkatutako mendi baten tontorrean eraikitzeak, Leioan horretarako lurzoru urbanizagarria dagoenean”. Gainera, “ez da zentzuzkoa garraio publikorik gabeko leku batean ekipamendurik eraikitzea, bertara autoz bakarrik irits baitaiteke”, diote. SOS Kurkudikoen iritziz, “babestutako gune oso gutxi dituen herri batean ez litzateke gutxietsi behar Kurkudi mendian 25.000 metro karratu baino gehiago eraikitzeak paisaian izango duen eragina. Paiasai ere babestu beharreko kultura ondarea da”.

Zenbait elkarte eta herrtarrek osatutako talde honek ez dio zentzurik ikusten birmoldaketa puntual hori egiteari, “HAPOren berrikuspena berehalakoa denean”. Diotenez, “Plan Orokorrak betetzeko egiten dira, ez boteretsuen gustura partxeatzeko (deitu Domingotarren kongregazioa, Atucha Sustatzailea edo Metropolitan)”. SOS Kurkudiren arabera “lurzoru urbanizaezin babestuak izaera arautua du, eta Udalak berak 2001eko Plan Orokorrean eman zizkion ingurumen- eta paisasia-balioek indarrean jarraitzen dute, eta hobetu ere egin dira 16 urte igaro ondoren, lurzoru horretan ia inork esku hartu gabe”.

Bestalde, taldeak kritikatu egiten du tokiko Gobernuak bultzatu nahi duen proiektua ezen “inguruko ohiko trafiko-auto-ilarak ezagututa, pentsaezina baita Artea inguruan beste kirol- eta ostalaritza-zentro bat gehitu nahi izatea”. Are gehiago, “tokiko enpresa txikiek (jatetxeak, dendak, tabernak…) dituzten lausotasunak jakinda”. Horrexegatik, “ez dirudi egokia eremu periferikoak garatzen jarraitzea, tokiko meraktaritza- eta zerbitzu-sarearen kaltetan.

Kurkudi mendiaren gune babestua kalifikazio berberarekin jarraitzea defendatzen dutenek diotenez, “informazioa eskasa izan da, eta proiektuaren dimentsio zehatza ulertzeko funtsezko datuak ezkutatu dira. Ez dira aipatu ukitutako azalera, eraikuntza-bolumena eta lurzoruaren babesgabetasuna”. Gainera, “biztanleria inplikatzeko borondatea ere ia hutsaren hurrengoa izan da. Ez da benetako parte-hartzerik sustatu” SOS Kurkudi plataformaren iritziz. Horren adibide jartzen dute Hirigintza Plangintzako Aholku Batzordea, “partaidetza-argudio gisa erabilia, elkarteetako bakar bat ere gabe bildu egin zen, eta izendapen guztiak iraungita ditu 2013tik”.

Arrazoi horien guztiengatik, SOS Kurkudik uste du Uda Gobernuak ez lukeela “mugikortasun iraunkorraren aldeko hitzarmenik sinatu behar, edo landa-ingurunea babesten dela esan behar, batetik, eta bestetik, lurzorua babesgabe utzi eta Leioan geratzen den landa-eremu bakanetako batekin amaiatu behar”.  Hori lortzen denean “herri atseginagoa izango gara, bai natura defendatzen duten balioekin kontsekuenteak izateagatik eta baita ere hori lortzeko elkarrekin antolatu eta lan egin izanaren garrantziagatik”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude