Sustrai Colinak eta Nerea Urbizuk sortutako “HitzEkin” kantak girotuko du 22. Korrika

AEK-k atzo aurkeztu zuen Korrikaren 22. edizioa girotuko duen HitzEkin kanta, Iruñeko Golem Baiona aretoan.

Nerea Urbizu izan da zuzendari artistikoa eta hainbat bidelagun izan ditu. Sustrai Colinak sortutako hitzak Ane Garcíak, Anarik eta Nerea Urbizuk abestu dituzte. Eymard Uberetagoena (Tripulante Produce) aritu da bideokliparen ekoizle lanetan.

Pop kutsua dauka gehienbat kantak, eta Urbizuren hitzetan abestia “emozionala da, soziala”. Hiru adin desberdineko emakumek abestu dute, gure helduen eta txikien arteko katearen sostengu eta bitartekaritza irudikatzeko.

Mezuari dagokionez, Urbizuk esan du irekia izan arren, balore garrantzitsuak bultzatzen dituela: “ausarta izatea, ahalduntzea, oztopoen gainetik aurrera egitea edota beldurrak gainditzea”.

Bideoklipean jendartearen egungo hainbat errealitate islatzen dira, denak “korrika egiten” azaltzen direlarik. Horren harira, Urbizuk azaldu du “hainbat istorio biltzen dituen film laburra dela, eta jendeak korrika egiteko motibazio ezberdinak dituen moduan, KORRIKArekin ere halako zerbait gertatzen da: sentsibilitate desberdineko jendea biltzen duen arren, denoi eragiten digu indar bat, poz bat, babes bat”, adierazi dute Korrikaren arduradunek


Info +

22. Korrikaren HitzEkin kantaren letra 

Hitzekin, hitzekin, hitzekin…
Oinetakoak lotu
(e)ta utzi oinei libre,
belarretan ortozik
bilakatzen bide.
Mapetatik harago, mundu asko dago.
Sentitutakoa…
Sentitu (e)ta hitzekin.

(e)Ta berriro egin
Korrika zurekin,
arantzak erauzteko elkarren ederrez.
(e)Ta berriro egin
mundua zurekin…

Euripean kantari
ibiltzen ikasi;
ez egon atertu zain
(e)ta korrika hasi.
Berdin da non hasten den, orain beti
da hemen.
Pentsatutakoa…
Pentsatu (e)ta hitzekin.

(e)Ta berriro egin
Korrika zurekin
arantzak erauzteko elkarren ederrez.
(e)Ta berriro egin
mundua zurekin
beti baitago norbait hitz ekiteko
prest.

Hitzekin, hitzekin, hitzekin….

Neguko eguzkitan
erantzi azala;
beti ziur dago(e)nak
duda sor dezala.
Bizitza jendea da (e)ta jendea gara.
Sentitu, pentsatu…
Sentitu, pentsatu, hitzekin.

Hitzekin, hitzekin, hitzekin…
Zurekin….Hitzekin, zurekin….


22. Korrikaren HitzEkin kantaren bideoklipa

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude