Tres años de lucha por unas pensiones públicas dignas

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua

Euskal pentsiodunen mugimenduarentzat, Estatuko gainerako herrietako pentsiodunentzat bezala, 2018ko urtarrilaren 15a data historikoa da, gaur egun kalean jarraitzen dugun mugimenduaren hasiera izan baitzen, eta etorkizunean ere hala egingo dugu, pentsio publiko eta duinak lortu arte.

Urte batzuk generamatzan pentsioak izoztuta edo %0,25eko igoera ziztrinarekin. Hain zen handia pentsiodunen munduko gehiengoaren haserrea eta nazka, ezen, modu espontaneo samarrean eta koordinaziorik gabe, dozenaka mila gizon eta emakume pentsiodun atera ginen kalera 2018ko urtarrilaren 15ean Euskal Herrian eta Estatuko beste herri batzuetan.

Zaila zen pentsatzea edo aurreikustea pentsiodunen mugimenduaren hasiera hori luzatu eta egin duen bezala jarraitu ahal izango zela, Euskal Herrian bereziki. Hiru urte dira astelehenero kontzentratzen garela, ia etenik gabe, lau hiriburuetan eta euskal edo nafar geografiako 70 bat herritan. Herri, eskualde eta probintzietako manifestazio ugari egin ditugu. Eta urtarrilaren 30ean, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan egiten ari garen mobilizazio eta greba orokorraren lehen urteurrena ere beteko da.

COVID-19aren pandemia iritsi zenean, joan den urtearen hasieran, are kontzientzia handiagoa hartu genuen osasungintzak eta zaintzak duten garrantziaz, batez ere egoitzetako eta beste zentro soziosanitario batzuetako adinekoentzat eta mendekoentzat. Hori dela eta, joan den urte osoan, modu autonomoan nahiz beste batzuetan, modu bateratuan mobilizatzen gara egoitzetako erabiltzaileen senideen elkarteekin eta sektoreko sindikatuekin batera.

Mobilizazio eta protesta propio eta bateratuei esker, 2018az geroztik gure pentsioak ez dira gehiago hondatu, eta neurri publiko sanitario eta sozio-sanitarioak eskatzeak garrantzi handiko dimentsio eta eskaera soziala hartu du.

Baina hodeitzarrei aurre egin behar diegu, zeren pentsioetan eta osasunerako eta bizitzarako beste eskubide batzuetan neurriak eta murrizketak ezartzeko asmoa azaldu baitute elite ekonomiko eta politikoek, koronabirusa aitzakiatzat hartuz edo koartada gisa erabiliz. Horren aurrean, erne jarri behar gara inoiz baino gehiago; hau da, mobilizazioak ugaldu egin behar ditugu, bateratuak, pluralak eta, horrela, masiboagoak izan daitezen bilatuz eta ahalbidetuz.

Horregatik guztiagatik, astelehenero elkarretaratzeekin jarraituko dugu, eta esanahi berezia emango diogu datorren astelehenari, 2018ko urtarrilaren 15aren hirugarren urteurrena dela eta. Urtarrilaren 25ean elkarretaratze bat egingo dugu Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, Urkulluren Gobernuaren aurrekontu proiektuaren murrizketak eta mugak satatzeko. Eta, bereziki, mobilizazio indartsua bultzatuko dugu otsailaren 13an.

Bukatzeko, azpimarratu nahi dugu Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak gure mobilizazioekin jarraitzeko erabaki eta borondate irmoa dugula, eta Estatuko gainerako herrietako pentsiodunen plataformekin ekintza-batasuneko topaketak egiten ere saiatuko garela.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude