Udalak ikerketa bat kontratatu du Kiroldegi berriaren inguruan

Udalak merkatu ikerketak burutzen dituen Ikerfel enpresa kontratatu du Leioako etorkizuneko udal Kiroldegiari buruzko ikerketa egiteko.

Horregatik, azken egunotan enpresa horretako inkestatzaileak telefono bidezko inkestak egiten ari zaizkie herriko bizilagunei, baita kirol klubei ere, “Torresoloko udal kiroldegi berriaren azterketari begira beharrak zehazteko”. Gainera, aste honetan bertan, galdetegi horiek kalean ere egingo dira, “udalerriko kirol-instalazioen atarian, hain zuzen ere”, Udalak iragarri duenez.

2018an Udala “aurreko fase batekin” deiturikoarekin hasi zen, eta “herritarrekin eta kirol-elkarte eta -klubekin harremanetan jarri zen”. Horretan, idatzizko galdetegiak egin ziren, telefono deien bidezkoak zein aurrez aurreko bileren bidez.

Udalak ezagutarazi duenez, bigarren fase honetan amaituko da “Sakoneta ordezkatuko duen Torresoloko udal kiroldegi berriaren etorkizuneko proiektuan sartu aurreko azterlana”. Berau “proiektuaren lizitazioarekin ahalik eta azkarren hasteko aurretiazko eta beharrezko urratsa da”, tokiko instituzioaren arabera.

Gai kontraesankorren inguruko galderarik gabe

leihoa.info atariak jakin ahal izan duenez, Ikerfel enpresa kirol instalazioen erabiltzaileen eta bizilagunen artean burutzen ari den inkestan, nahiz eta Kiroldegi berriak eduki beharko lituzkeen zerbitzu, ezaugarri eta prezioei buruz galdetzen den, ez da galderarik egiten gai kontraesankorrenen gainean. Horrela, ez du galdetzen ea Sakoneta Kiroldegiaren egungo erabiltzaileek eta Leioako bizilagunek uste duten horren instalazio guztiak edo horietako batzuk oraingo lekuan mantengu beharko lirateketen edota Leioak frontoia eduki beharko lukeen eta non kokatuko beharko litzatekeen, bi adibide jartzearren.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude