Udalak sei aire-neurgailu instalatu ditu

Datuak denbora errealean kontsultatu ahal izango dira LeioaZabalik gardentasunaren webgunean eta udalerriko hainbat tokitan dauden QR kodeetan

Leioako Udalak sei aire-sentsore aktibatu ditu aurreko astetik aurrera, herriko hainbat puntutan banatuta. Leioako airearen kalitateari buruzko datuak emango dituzte LeioaZabalik Gardentasunaren webgunetik (https://leioazabalik.leioa.net/eu/calidad-del-aire) eta QR kodeetatik. Ingurune publiko itxiak ere neurtuko dira, liburutegia adibidez, gelako airearen kalitatea une bakoitzean islatzen duten CO2 neurgailuen bitartez.

Ingurumen-kalitate hobea lortzeko herriko Udalak bideratu duen Smartcity proiektuaren “lehen pausoa baino ez da”, adierazi du tokiko instituzioak. Zabaldu denaren arabera, epe laburrean zarata-sentsoreak eta ibilgailuak zenbatzekoak izango ditu ere. Aurrerago, Leioan Smartcity plataforma bat osatuko duten jarduketa gehiago gehitzeko asmoa du udalak.

Horrela, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) onartutako kutsatzaile guztiak neurtzeko baliabideak jarri ditu udalak, eta ingurumen-kalitatearen arloko Europako jarraibideak lortzeko egiteko asmoa du, adierazi duenez. Gainera, neurgailuen bidez lortutako emaitzak berehalakoak eta publikoak izango dira, eta edozein interesdunek deskargatu ahal izango ditu hainbat formatutan. 

Hori posible izan dadin, udalak LORAWAN lankidetza-sare bat du, udalerrian instalatutako azpiegitura propio bat, Smartcitytik datozen datu horien autokudeaketa eta datu guztiak jasotzea ahalbidetzen duena.

6 neurgailu

Gaur egun, airearen kalitatearen sei neurgailu ari dira martxan udalerriko hainbat puntutan. Hain zuzen ere, Sopladorearen biribilgunean, Sarrienan, ikaztegiko aparkalekuan eta hirigunetik igarotzen diren Avanzadako hiru puntutan, daude.

Datu horiek kontsultatzeko, interesdunek LeioaZabalik Gardentasunaren webgunean sartu beharko dute, edo, bestela, mugikorrean kontsultatu hainbat tokitan, udal-zentroetan eta Lejoanbusan egongo diren QR kodeak. Horrela, adierazle kutsatzaileen emaitzak, airearen kalitate orokorra eta hilabeteko historikoa lortu ahal izango dituzte, eta baita informazio hori guztia hainbat formatutan deskargatu ere, lan egin edo erabili ahal izateko.

Smartcity kontzeptua

Smart Cities edo hiri adimendunak, ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari dagokienez jasangarriak diren hiriak sortzeko asmoz sortu dira. Hiri horietan informazioaren eta komunikazioaren teknologiak (IKT) aplikatzen dira, garapen jasangarria, herritarren bizi-kalitatea handitzea, eskura dauden baliabideen eraginkortasun handiagoa eta herritarren parte-hartze aktiboa bermatuko dituzten azpiegiturez hornitzeko.

Aurreikuspenen arabera, 2050ean munduko biztanleen % 85 hirietan biziko da; hori dela eta, hurrengo hamarkadetan hiriguneek gero eta arazo gehiagori egin beharko diete aurre, energiaren hornidurari, CO2 isuriei, automobilen trafikoaren plangintzari, ondasun eta lehengaien hornidurari eta biztanle-zentro handi eta masifikatu horietan bizi diren guztiei osasun- eta segurtasun-zerbitzuak emateari dagokienez.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude