43 konpainia eta 90 emanaldi maiatzaren 18tik 21era izango den  XXIII. Umore Azokan

 Leioako Udalak antolatzen duen Umore Azoka –Leioako Kale Artisten Azokaren XXIII. edizioa– maiatzaren 18tik 21era ospatuko da eta, antolatzaileek adierazi dutenez, arte eszenikoak udalerriko kale eta plaza guztietara eramango dituen programazio indartsu bat izango du.

Kalean aritzearen aldeko apustua egiten duten konpainien erakusleiho bihurtu da Umore Azoka, eta gero eta gehiago dira beren lanak lehen aldiz erakusteko azoka hori aukeratzen duten Estatuko eta nazioarteko konpainiak. Izan ere, aurten guztira, 550 eskaera jaso dituzte antolatzaileek ( % 14 Euskal Herrikoak, % 56 Estatukoak eta % 30 nazioartekoak). Urtero gainditzen diren zifrak dira.

Guztira, 43 konpainia izango dira aurten, eta 90 ikuskizun emango dituzte kalean. Horrez gain, programak askotariko diziplinak eskainiko dituela azpimarratu dute antolatzaileek, besteak beste, dantza, zirkua, performak, clown-ak, instalazioak eta mota guztietako musika-emanaldiak. Lau egunetan, ikuskizunik onenez gozatzeko aukera izango da.

Horren adibide dira parte hartuko duten 17 Euskal Herriko konpainiak: Aukeran Dantza Konpainia, Andoni Aresti Dantza, Panta Rhei, Barré Taldea, Harrobi Dantza Bertikala, Hortzmuga Teatroa, Deabru Beltzak & Hortzmuga Teatroa, Kimua Dantza, La Glo Zirko eta Dantza Bertikala, Lekittoko Deabruak & Zozongo, Pantzart, Piszafaktoria Ideien Laborategia, Rojo Telón, Sokaire Violinistas, Trapu Zaharra eta Zirkozaurre.

Gainerako konpainiei dagokienez, 16 Estatu espainiarreko hainbat lekutatik helduko dira Leioara. Horrela, Andaluziatik David Cebrian, Mariana Collado & Lucio Baglio, La Banda del Otro, Priyecto Kavauri eta Vaivén Teatro helduko dira; Gaztela-Mantxatik, Capitán Maravilla eta Mario Enzo; Gaztela eta Leoitik Jean Philippe Kikolas, La Pequeña Victoria Cen eta Miguel Barreiro; Kataluniatik, Ambae Company, Pau Palaus, Jam eta Las Kakofónikas; Balear Uharteetatik Cía.Des-equilibrats; Madrildik, Non Sin Tri eta Trip de la Noria; Murtzatik, Uparte Konpainia; Extremaduratik, Cía Chimichurri; eta Valentziatik, Jimena Cacalletti eta La Raro.

Estatutik kanpoko sei konpainia ere izango dira Leioan: Batcharte Dantza eta Collectif Primavez (Estatu frantziarra), The Black Bkues Brothers (Kenia), Vaya eta La Wetumtum (Portugal) eta La Lazuz (Suedia/Estatu frantziarra).

Ikuskizun horiek guztiek, bai eta aurreikusitako jarduera guztiek ere (hala nola, hitzaldiek, jardunaldiek, liburu-aurkezpenek, EZE-Euskal Zirku Elkartearen aurkezpena, bilerak Flandriako kudeatzaileekin, Euskadi-Portugal hitzarmena sinatzea kaleko arteetan lankidetzan aritzeko, Umore Meetings delakoek eta negozio-bilera azkarrek), kaleko arteen erdigune bihurtuko dute Leioa.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude