Emakumeak edonon lasai bizitzeko eskubidea aldarrikatu dute gaurko kontzentrazioan

Bero beteko oporraldiko ostiral honetan hogeita hamar leioaztar bildu dira aurreko asteazken gauean Pinuetan izandako emakume baten aurkako eraso matxistaren aurka azaltzeko, Suteak, herriko emakume gazteen talde feministak deituta.

Suteak adierazi duenez, “triste eta nazkatuta” daude, baina nekearen gainetik “borrokan jarraituko dugu”.

Talde feministak dioenez “indarkeria hau genero kontua da, emakumeok emakume izatearren sufritzen dugun biolentzia da. Gizonezkoa bere bikotea, emakumea, jo egin du. Eta ukabilkada bakoitza gurea da, neskok eta emakumeok ukabilkada horiek sentitu egiten ditugu gurean. Emakume bat ikutzen dutenean danok jipoitzen gaituztelako”.

Biktimari babes guztia adierazteaz gain, Suteak argi utzi nahi izan zuen “Leioak, gure herriak, ez duela inolako eraso matxistarik onartuko  eta gogor salatuko dugula”. Azken batean “kalean, jaietan, etxean, klasean, lantokian eta batez ere, gure harremanetan lasai bizi” nahi dutelako. Eta hori bermatzea ez dela emakumeen ardura, “gizonezkoena baizik” adierazi zuten. “Biolentzia plazaratzen dutenen horietan jarri behar dugu fokua. Depredatzaile eta tratu txarrak erreproduzitzen dituztenak eurak direalako”.

“Udalaren garbiketa moreaz kokoteraino”

Emakume gazteen talde feministak “udalaren garbiketa moreaz kokoteraino gaudela” salatu nahi izan du beste behin. “Berdintasunaren aldeko irakurketa zabaldu eta badirudi lana eginda dagoela. [Udal] Gobernua feminismoa erabiltzen ari da bere alde baina ez da herri mugimendua zaintzen ari”.

Kontzentrazioan, azken aldian emakumeak sufritzen ari diren ziztaden inguruko salaketa ere egin dute. Baionan, Algortan, Gasteizen, Bilbon eta beste hainbat jai girotan “hainbat salaketa” jaso izan direlako. “Beste behin ere bildurraren mekanismoaz emakumeok espazioetatik kanporatuak izaten ari gara. Segurtasun falta honek ezinegona handitzen dute. Bildur barik jaietan lasai irtetzea ez zen mutilen pribilegio soila izan beharko”.  Hori dela eta, “jaietan sortutako protokoloak, autodefentsa feminista eta batez ere gizonezkoek biolentziarekin jardutea gelditzea” aldarrikatu dute.

Horren guztiaren ondorioz, “eraiki dugun gizarte heteropatriarkal kanpitalista honen aurrean arg diogu: Aski da! Emakumeon kontrako biolentzia erotik apurtzera goaz” adierazi zuten, borroka feminista aldarrikatuz.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude