Azken berriak

Euskal selekzioen aldeko mendi-martxaren aurtengo edizioak Ajanziz eta Getaria arteko ibilbidea egingo du

Euskal selekzioaren aldeko Mendi Martxak Ajangizetik Getaria arteko zeharkaldia burutuko du, horretarako aukeratu duten leloa 20 urte Mendi Martxan, Gu ere bai! Euskal Selekzioa Ofizialtasuna! izanik.

Euskal kirol-selekzioen aldeko Mendi-martxaren 20. edizioak 8 eguneko zeharkaldi bat egingo du, Ajangizen uztailaren 30ean hasi eta Getarian abuztuaren 6an amaituko dena. Egunean bataz besteko 7-8 orduko txangoa egingo dute mendizaleek, aintzakotzat hartuz bakoitzaren erritmoa. Goizeko 8etan hasi eta gutxi gora behera arratsaldeko 5ak aldera amaitu, tartean 18-25 km ibiliz.

Lotarako pilotalekuak, kiroldegiak edota eskolak erabiliko dituzte parte hartzaileek. Beraz bakoitzak eraman beharko du bere lo zakua eta esterilla edo koltxoneta. Dutxatzeko edota bainatzeko aukera, beste okerrik ezean, etapa amaiera bakoitzean eskura izango dute.

Ajangizera hurbiltzeko bi autobus jarriko ditu Mendi-martxaren antolakuntzak mendizaleen eskura: Bilbotik aterako da bata eta Donostiatik bestea. Martxaren azken egunean alderantzizko bidea egingo dute autobusok. Hala ere, tartean gehitzen joango den jendeak bere kabuz antolatu beharko du.

Antolakuntzaren esku geratuko da eguneroko gosaria eta txangoan zehar behar den ogia eta fruta eduki eta banatzea. Bestelakoak norberaren ardurapean geratzen dira. Beraz, norberaren esku geratuko da pertsona batek 8 egun mendian igarotzeko behar dituen gauza guztiak eramatea. 

Eguneroko ibilbidea

Egunero ibilbidea ezagutzen duen gidariren bat joango da aurrean eta atzean, eta talde osoaren koordinazioa bermatzeko mugikorrak, walkiak, G.P.S-a eta hainbat tresna baliatuko ditu antolakuntzak. Ibilbideen zehaztapenak jasoko dituen liburuxka bat ere emango zaio ibiltari bakoitzari, tokian tokiko hainbat pasadizu interesgarri ezagutzera emanez. Ibilbidean zehar, oso tarte txikiak izan arren, badira errepidez ibili beharreko lekuak. Beraz, komeni da txaleko aproposak motxilan eramatea. Gosariak prestatzeko, logelak goizetan garbitzeko, kamioia kargatzeko, bidea markatzeko eta honelako zeharkaldi bat aurrera eramateak “denon lankidetza eskatzen du. Beraz, egunero antolatzen diren taldeetan partehartzea eskatuko da”, diote antolatzaileek.

Izen-ematea

Mendi-martxan izena emateko bi pauso jarraitu beharko ditu parte hartu nahi duenak: Lehenik eta behin Laboral Kutxan antolakuntzak duen kontu korrontean (ES31-3035 0029 61 0290095456sarrera egin beharko du eta kontzeptuan norberaren izen-abizenak jarri. Horren ostean antolaketa taldearen telefono zenbakira deitu izena emateko edo mezu bat bidali mendimartxa@mendimartxa.eus helbidera. Horrez gain, autobusa non hartzeko asmoa duen adierazi beharko du.
Aurtengo Mendi-martxan parte hartu nahi duenak ordaindu beharreko prezioak hemen sakatuta kontsultatu ditzake.

Mendi Martxaren historia

2000. urtean ekin zion ESAITen babespean bere ibilbideari Mendi Martxak. Ordutik, azken bi urte hauetako salbuespenarekin, urtero urtero leial izan da bere zitari, jada 19 edizio burutu direlarik. ESAIT desagertu zela 7 urte betetzen diren honetan, haize freskoa eta ilusionagarria ekarri die Gu ere bai ekimenak. Euskal Selekzioen Aldeko Mendi Martxak bat egin nahi izan du ekimenarekin, bere web orriaren portadako irudiak garbiro agertzen duen bezala. Mendi Martxaren antolatzaileen xede nagusiak, diotenez, “ez dira aldatu: kirol arlo guztietan Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzeko dugun eskubidea defendatzea”.
Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Social Media Auto Publish Powered By : XYZScripts.com