Leioako Hartzak pilota taldearen neskek bihar, abenduak 22, jokatuko dute Basaurin emakumezkoen gomazko Paletaren 3. mailaren finala Olarreta 5 taldekoen aurka.
Leioaztarrak Olarreta 5 taldearen aurka arituko dira Basauriko Artunduaga frontoian arratsaldeko 16:00etatik aurrera.
Leioako neskek Gomazko Paletaren Bizkaiko Kluben arteko 3. mailako Ligaxka jokatu dute, lehenak geratuz. Bigarren, Olarreta 5 taldea geratu dira. Ligaxka urriaren 5ean hasi eta azaroaren 13an bukatu zen, guztira 6 jardunaldi jokatu zirelarik.
Jokatutako 6 partiduetatik 5 irabazi zuten herriko neska pilotariek. Hain juxtu, Larrabetzuko frontoian Olarreta 5 taldekoen aurka jokatu zutena, iragan urriaren 20an, izan zen galdu zuten partidu bakarra (30-12). 11 puntu eskuratu dituzte jokatutako ligaxkan, tantoak 162 alde eta 75 kontra eskuratu dituztelarik.
Olarreta 5eko neskek, haien aldetik, 5 partidu irabazi zituzten ligaxkan eta bakarra galdu, Sakonetan Hartzak taldeko nesken aurka azaroaren 13an jokatutakoa (30-10) hain zuzen. Larrabetzuarrek 11 puntu eskuratu dituzte ere jokatutako ligaxkan, baina leioaztarren eta larrabetzuarren arteko tantu-averagea Sakonetakoen aldekoa denez, gure herrikoak geratu ziren lehenak sailkapenean, bigarren larrabetzuarrak kokatuz, puntu kopuru berberarekin.
Bihar arratsaldean, leioaztarrek jokatuko duten finalaz gain, Hori-Hori taldearen neskek Olgetan 1ekoen aurka jokatuko dute emakumezkoen gomazko Paletaren 2. mailaren finala, eta Olarreta 1ekoenek Galiparen nesken aurka jokatuko dute emakumezkoen gomazko Paletaren 1. mailaren finala.