LABen adierazpena :: Egin dezagun Euskal Herrian burujabetza, bakea, eraldaketa

Aberri Eguna I LABen Adierazpena

Egin dezagun Euskal Herrian burujabetza, bakea, eraldaketa

Sistemaren eskaintza: inperialismoa, gerra eta kris

Aberri Eguna ospakizun eta aldarrikapen unea da euskal herritarrontzat. Euskal eragileoi une batez gelditzeko, nora goazen behatzeko eta gure azterketa paratzeko aukera ere eskaintzen digu. Eguneroko premietatik burua altxa eta herri ikusmiraz aritzeko. Interes eta ekimen partikularrak mantentzeko, baina lehentasun kolektibo eta nazionalak elkarbanatzeko. Etorkizuna arakatzeko nondik gatozen begiratzea ezinbestekoa zaigu. Izan ere, Ukrainaren inbasioak mundu mailan sorturiko testuinguru ekonomiko eta politikoak berehalako erronkak eragingo dizkigu, baita etorkizunekoak ere, eta faktore horren arabera bakarrik arakatzeko tentaldia izan dezakegu. Eta horrek euskal herritarroi inposatzen ari zaigun ereduaren ikuspegi erratua eman diezaguke.

XXI. mendean, euskal herritarroi egungo ereduak krisia besterik ez digu ekarri. Ez dugu guk demokratikoki hautatu egungo eredua, gure nahien eta gehiengoen kontra ezarri zaigu eredu ekonomiko kapitalista eta heteropatriarkala. Etengabe krisian egonik ere, bere ezaugarri anker eta bidegabeenetan sakontzen ari da alditik aldira, krisitik krisira.

2008an finantza krisia lehertu eta gero, aitzakia baliatu zuten eskubide eta diru-sarrerak murrizteko; lan eta pentsio erreformak inposatzeko; lehendik aski garatu gabe zeuden zerbitzu publikoak eraisteko, pribatizazio politikak sustatzeko. Horrekin guztiarekin batera, zaintza lanen aitortza eta berrantolaketa ezak bizitzaren prekarizazio osoari bidea zabaldu zion. Enpresa eta banka handiaren salbamendua herri-diruaren transferentziaren bidez egin zen.

2020ko pandemia iritsi zen gero, mundu eta sistema globalistan hedatu zen pandemia, eta harekin batera, beste krisi ekonomiko bat. Beste krisi bat, baina ez bestelako irtenbiderik, enpresa handiei funts europarren bidez diru publikoaren transferentzia egitea baino. Eta zer esan krisi haren ondorioei buruz: prekarizazioaren zabalpena; energiaren prezioen gorakada eta bere ondorioak bestelako gaien prezioetan, industrien funtzionamenduan eta pertsonen bizitzan; distribuzio kate globaletan industriarentzako funtsezkoak diren mikrotxip erdieroaleen eta bestelako lehengaien eskasia eta enpleguan ezartzen ari den mehatxua. Hortik gatoz, hor geunden, 2022an Kapitalismoak berriz ere krisia eragin duenean gerra inperialistarekin. Kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka bizi dugu, denbora errealean.

Planetaren muga biofisikoak ezin tenkatuago daude eta pertsona xumeen esplotazioa eta bazterketa muturreko abiaduran doa. Potentzien arteko enfrentamendua gerra bilakatu da, mundu mailako hegemonia, energia iturrien eta lehengaien kontrola dituzte xede. Oso eszeptikoak ginen kapitalak eta estatuek klima larrialdiari eta trantsizio azkar eta sakon baten beharrari akordioaren bidetik helduko ote zioten. Bistan da Kapitalismoaren sen suntsitzaileari egiten diotela men, militarismoari eta faxismoari bultzada eman diote mundu osoan. Espainiar eta frantses Estatuetan —biak ala biak krisi politikoan, hamarkadetan— ultraeskuina aurrera egiten ari da eta bere ideiak sartzen, eztabaida politikoetan eta politika publikoetan.

Egin dezagun Euskal Herrian, Madrilen eta Parisen ezin dena: burujabetza eta autodeterminazioa, bakea eta eraldaketa

Euskal Herria ez da arrisku horietatik salbu, globalak baitira gerraren arriskuak, globalak distribuzio kateen kolapsoarenak, ultraeskuinaren ideien zabalpenak dakartzanak, energiaren eta lehengaien salneurrien gorakadaren eta krisi sozialaren arriskuak. Gure nahien, gehiengoen eta erabakien kontra lerratzen gaituzte Estatu frantses eta espainiarrak. Gure hitza ez da kontutan hartu erreferendum bidez NATOko gerra inperialistarako egituran parte hartzeko ezezko borobila eman genuenean. Eta ez da hartu ere Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialak lan erreformari ezezkoa eman dionean. Estatuen eremuan gero eta argiago dago ezinezkoa dela herrien erabakitzeko ahalmena eta herritar xumeen eta langileen eskubideen aldeko lege eta politikak gauzatzea. Azken adibidea gerraren estalpean egin du PSOEren espainiar Gobernuak, saharar herriaren autodeterminazio eskubidea ukatu eta interes geopolitikoengatik haien eskubideak eta etorkizuna saldu dituenean.

Interes gurutzatuen agertokia dugu, eta ez da erraza hor mugitzea. Ezin arrazoi osoa izan, ezin galdera guztientzako erantzun zuzenarekin asmatu. Dena den, printzipio sendoak ditugu eta eskuzabaltasunez eta konpromisoz diogu guretzat nahi dugula besteentzat nahi dugun bera: burujabetza, bakea eta eraldaketa.

Burujabetza nahi dugu libreki, autodeterminazio eskubidearen bidez gure etorkizuna erabakitzeko. Euskal Herriarentzat eta, jakina, munduko beste herri guztientzat. Askatasunez erabakitzeko aukera eremu guztietara hedatuta behar dugu: gure esku nahi dugu hezkuntza sistemaz erabakitzeko ahalmena Euskal herria osoan, gure eredu ekonomikoa finkatzeko erabakia, trantsizio energetikoa nola eta noiz egin nahi dugun ebatzi ahal izatea, ukrainar errefuxiatuei bezala afrikarrei edo amerikarrei harrera egiteko eskubidea,… Gure herrian gertatzen denaren gaineko erabakirik zailenak ere askatasunez hartu nahi ditugu. Argi dugu horietako gehienei Madrilen eta Parisen erantzun okerrak, murriztaileak, segregatzaileak eta bizitzaren eta eskubideen aurkakoak eman zaizkiela. Ziur gaude Euskal Herrian badaudela bestelako gehiengo batzuk, beste erantzun bat emango dietenak gure aroko erronkei. Euskal Herrian, herri burujabetzan aurrera egitea da kapitalari boterea lehiatzeko ardatza.

Bakea nahi dugu, indarkeria eta zapalkuntza oro ezabatu eta justizia sozialean oinarrituko den bakea. Horretarako elkarrizketaren, diplomaziaren eta akordioaren bidea aldarrikatu nahi dugu. Geure gatazka politikoaren konfrontazio armatuari amaiera eman nahi izan diogunean, elkarrizketa eta akordioari uko egin diotenak parez pare genituen. Estatu horiek dira orain ere gerrarako deia zabaltzen dutenak. Euskal Herrian alde bakarrez eta herriaren protagonismoarekin egin dugu aurrera. Ez da erraza izan. Ez da erraza izaten ari, gatazkaren alde batek erabateko konponbiderik gabe jarraitzen du, Estatuen partetik presoen eta iheslarien etxeratzea oztopatzen edota blokatzen jarraitzen baitute. Baina, ikasi dugu bakea bakearen bidez egiten dela, ibilian, bakerantz bidea eginez. Gerra inperialistaren aurrean herritarrentzako bakea aldarrikatzen dugu, bakean modu burujabean eta esku sartzerik gabe erabaki ahal izateko. Saharan, Palestinan, Ukrainan, Yemenen, Malin,… munduko herri guztietan.

Eraldaketaren bidea aldarrikatzen dugu, sistemaren esplotazio eta krisi iraunkorra gainditzeko. Krisiek kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazkan sakontzea ekarri dute Euskal Herrian. Euskal langileekiko erabaki bidegabeek eta antidemokratikoek prekarizazio eta pobretzea ekartzen dute. Logika horretatik harago, bizitza erdigunean jarriko duen eredu berri baten alde egin beharra dago, trantsizio ekosozialista eta feminista oinarri eta ipar hartuta. Eta bizitza erdigunean jarriko duen Euskal Errepublika sortzeko urratsak ematen jarraitzea dagokigu euskal eragileoi. Independentismoak praktikoa izan behar du, baliagarria eta zintzoa izango bada. Herri langileak ordainduko du konfrontazio inperialistaren faktura, ezkerreko soberanismo eta independentismotik bestelako proiektua eskaintzeko gai ez bagara.

LABek konpromiso horietan kokatzen du bere jarduna. Elkarbizitza Demokratikorako ekarpena egitearekin batera, estrategia eraldatzailea eta independentista praktikara eraman nahi dugu, Estatuetan posible ez den hori, Euskal Herrian posible eginez, Lan Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua (LHBSEE) eratzeko proposamenak eginez, Euskal Herriko Lan Kodea eta Gizarte Segurantzako Legea gauzatu daitezen bidea egiteko ekimenak jorratuz, enplegu duinerako sektorearteko akordioa, esaterako. LABek langile guztientzako sindikalismoa garatu nahi du, eta horrek ezinbestean sindikalismo feminista eta antirrazista garatzea esan nahi du. Enplegua, zaintza lanak eta ondasuna, banaketa hirukoitzaren alde eginez, zaintza eta lana banatu eta duinduz, aberastasunaren birbanaketa bultzatuz. Lan eta bizi baldintzen aldeko borroka burujabetzaren aldeko aktiboa bilakatuko dugu, pedagogia independentista eginez.

Egin dezagun Euskal Herrian posible, pertsona libreekin, jendarte hobeago bat.

Amaitzeko, LABeko kidegoari Aberri Egunaren testuinguruan EUSKAL HERRIA BATERAk ekimenak, zein EH Bilduk eta EH Baik deituriko manifestaldietan parte hartzeko deia luzatzen diogu.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.