Leioaztarrek eta erandioztarrek Mondarraineko gaina argiztatu dute erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko

17:30ean zegoen hitzordua jarrita Lapurdiko Itxasu herrixkaren frontoi ondoko Ateka aparkalekuan. Haraino, kotxeetan abiatu ziren leioaztarrak eta erandioztarrak, herri biotakoei baitzegokien Mondarraineko gaina argiztatzea.

Aldez aurretik jaso zituzten egun horretarako arauak: inguru naturala zaintzea (sortuko ziren hondakin guztiak biltzea eta leku egokian uztea), surik ez sortzeko bereziki zaintzea eta abar. Bide batez, egunerako eraman beharko luketen guztia ere jakinarazi zieten Erandioko eta Leioako Gure Eskuren taldeetatik: jantzi eta zapata egokiak, aurreko argiak eta linternak, txaleko islatzailea (jeitsiera Mondarrainetik gauez egingo baitzuten), mendiko makilak, telefono mugikorra (guztiz kargatuta eta deiak jaso eta bidaltzeko konfiguratuta), janari eta ur nahikoa (argiztatzea baino lehen “afaldu” egingo baitzuten) eta Osasun txartel europearra.

17:45ean izena emanda zeudenen errepasoa egin zen Ateka aparkalekuan. Covid 19a dela eta bajak egon ziren, eta pare bat lagunek tontorrera zuzenean joango zirela aldez aurretik esanda zuten. Zeudenak zenbatu eta kotxeetan abiatu ziren kanpaleku baseraino. Bertan azaldu ziren Erandiotik igoera egingo zuten lagunek. Haiek ekartzen zuten, gainera, tontorra argiztatzeko tresna.

18:45ean hasi ziren tontorrerako bidea egiten. Eta ordu eta hiru laurdeneko bidea egindakoan, tontorrean zeuden. Bertan motxilak utzi, handik ikusten zen panoramika ederrari erreparatu, argazkiak atera eta dena prest argiztatzeko utzi ondoren, norberak edo lagun koadrillek ekarritakoa jateari ekin zioten.

Ekitaldia hasi baino lehen, taldeko argazkiak egin ziren ere, eta 21:45ean kantak jarri ziren (Gure eskurena, Agure zaharra…). Eta 22:15ean edo, taldean zeuden hiru gaztetxoren artean, Gure Eskuren mezua irakurri zuten. Hona hemen bideoa:

Mezua irakurri eta gero, parte hartzaileek inguruko mendietara begira egon ziren, zenbat tontor argiztatutko ziren jakin nahian.  22:30ean gauzak batu eta bueltako bideari ekin zioten, aurreko argiek lagunduta. Bidean zaldi askorekin egin zuten topo “argiztatutako sugeak”.

Kontuz egin behar izan zuten bidea, gau betea baitzen ordurarko. Eta behin kanpamendu baseraino helduta, igotako kotxeetan sartu eta batzuek etxerako bidean egiten hasi ziren bitartean, beste batzuek etorritako furgonetetan, kanpinerako bidea edo ostaturakoa hartu zuten, egindakoarekin eta egondako giro ederrarekin pozik, bidearen hurrengo tontorreraino noiz igon beharko duten zai.


Info +

Asier Izquierdok zabaldutako bideoa  https://twitter.com/Asier_Nineu/status/1544052580963196928

Gure eskuk zabaldutako bideoa  https://youtu.be/dhN-mvDWS_c

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.