Presoak kaleratzearen aldeko konzentrazioa egin ostean plazarik plaza ibili ziren atzo

Hilabeteko azken ostiraletan egin ohi den konzentrazioa burutu zen atzo arratsaldeko 20:00etatik aurrera Iparragirre kaleko Bulebarrean. 55 lagun batu ziren presoen aldeko konzentrazio honetan.

Atzokoan, baina, berrikuntza egon zen: konzentrazioaz gain, plazarik plaza ibili ziren gero bertaratutakoak, trikitixa lagun, kantu kantari. Bulebarretik Bodeguilla Alcalde eta Kazu tabernen plazara hurreratu ziren bildutakoak. Bertan kantatu eta egun honetarako ateratako esku orria banatu zuten. Hortik Tigre Plazaren ondoko tunelaren taberna aurrera joan ziren eta beste kanta batzuk abestu zituzten bertan. Eta azken geltoki gisa Plaza Gorria izan zuten. Bertan abestu zituzten azken kantak.

Presoen alde lanean jarraitu beharra

Zabaldutako esku orrian, Estrasburgoko Auzitegiak kaleratutako ebazpenak zuten hizpide. Agiriak dioenez «ebazpenak ez du salatutako giza eskubideen urraketa geldiarazi: kondena betea duten presoen askatzea galaraztea».

Horregatik, Frantziako estatuan betetako «zigorren metaketa aldarrikatzen jarraitu behar dugu» zioen agiriak. Horrezaz gain «gaixotasun sendaezinak dituzten presoak askatzea, euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzea eta lehen graduaren aplikazio sistematikoa bukatzea» aldarrikatzen zen, «Estrasburgoko epaiak ez duela inola ere aldatuko aldarrikapen horien inguruko agenda»argi utziz.

Agirian, bestalde, aurreko larunbatean Donostian egindako mobilizazioaren balioa azpimarratzen zen: «Oso arrakastatsua izan zen, milaka herritarrek parte hartu zutelako eta ideologia askotako eragile ugarik aldarrikatu zutelako premiazkoa dela euskal preso politikoen eskubideak errespetatzea eta haien egoera konponbidean jartzea. Mobilizazioaren arrakastak argi eta garbi erakutsi du presoen egoerari irtenbidea ematea lehentasunezko kontua dela euskal gizartearen gehinego zabal batentzat». Ildo horretan, «mobilizazioak eta aldez aurretik egindako lanak argi erakusten dute nola jokatu behar dugun presorik gabeko Euskal Herria gure gizarteko sektore zabalen eta askotariko eragileen jomuga izan dadin» adierazten zen. Bide horretatik jarraitzera ere deitzen zen, «horixe baita Estrasburgoko erabakiari eman ahal diogun erantzunik onena».

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude