Milaka pentsiodun kalera atera dira beste astelehen batez Hego Euskal Herriko hiriburu eta zenbait herritan eta heldu den larunbatean egitekoa duten manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Planteatzen dituzten aldarrikapenen aurrean Lakuako Gobernuak agertzen duen «erresistentzia handia» ere gaitzetsi dute.
Bizkaiko hiriburuan eginiko elkarretaratzea jendetsuena izan da beste behin. Urtarriletik egiten ari diren bezalaxe, milaka izan dira Bilboko udaletxe aurrean bildu diren pentsiodunak.
Pentsioak KPI kontsumo prezioen indize errealaren arabera gaurkotzeko eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko beharra azpimarratu dute beste behin.
Argindarraren prezioaren igoera salatzeaz gain, alarguntza-pentsioak mugatzeko OCDE Kooperazio eta Hazkunde Ekonomikorako Erakundeak egin duen eskaera ere gogor gaitzetsi dute, bereziki emakumeak izango liratekeelako kaltetuak eta lan prekarioetara kondenatuko lituzkeelako.
Kritikak Lakuari
EAEko aurrekontuen negoziazioaz ere mintzatu dira eta pentsioak hobetzeko aurkitzen ari diren zailtasunak nabarmendu dituzte.
Zentzu horretan, pentsioak osatzera bideratuta egongo litzatekeen partida «esanguratsu» baten aldarrikapenaren aurrean Iñigo Urkulluren Gobernuak jartzen duen «erresistentzia handia» azpimarratu dute.
Larunbat honetan lau hiriburuetan egitekoak diren manifestazioetan parte hartzeko deia ere egin dute. «Badakigu Eusko Jaurlaritzak beldurra diola hilaren 15eko gure mobilizazioari eta are gehiago hauteskunde bezperara arte borrokan jarraitzeari», azpimarratu dute.