Leioa, Erandio eta Getxoko hautetsi eta hautetsi ohien adierazpena: “Demokraziaren festa izango da”

EAJ, HB, EH, EA, EH Bildu eta Ahal Duguk babestutako hautagaitzen 60 bat hautetsi eta hautetsi ohiek parte hartu zuten

Erandion, Leioan eta Getxon demokraziaren urteetan zehar hautetsi izan diren edota diren hirurogei gizon eta emakume inguru azaldu ziren aurreko asteko larunbatean komunikabide eta herritarren aurrean azaroaren 5eko galdeketen laguntzaz. Elkarrekin, herritarei dei egin diete parte hartzera, “botoa eskuan eta irribarrea ezpainetan”.

Adierazpen publikoaren guztien izenean Getxoko alkate ohi Javier Agirrek (EAJ) eta Leioako zinegotzi Naiara Goirienak (EH Bildu) hitz egin zuten. Bi hauetaz gain, agerraldian parte hartu zuten hiru herrietako EAJ, HB, EH, EA, EH Bildu eta Podemos/Ahal Duguk babestutako hautagaitzen hautetsi eta hautetsi ohiek.

Idatzian gogoratzen dutenez, “bere momentuan denok izan ginen hiru herriotako herritarrek hautatuak haien ordezkariak izateko eta beraien izenean eskubideak eta askatasunak defendatzeko”. Azpimarratzen dute ere “azaroaren 5ean Gure Esku Dagok eta batzorde sustatzaile ezberdinek bultzatu “tako galdeketa batera deituta gaude, ordezkatu ditugun udalerrietan hori babesteko milaka sinadura bildu ostean, gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea dugula adierazteko”. Eta diotenez “soilik guri, euskal herritarroi, dagokigu erabakitzea zer izan nahi dugun eta nola nahi dugun antolatu”, azpimarratuz “erabakitzeko eskubidea dugula eta erabaki nahi dugula”. Horregatik, “Erandio, Leioa eta Getxoko herritarrei dei egiten diegu azaroaren 5eko galdeketetan parte hartzera”.

Agerraldian izandako hautetsi eta hautetsi ohien aburuz, azaroaren 5a demokraziaren jaia izango da, non protagonistak “herritarrak, hautestontziak, bozkak eta erabakia” izango diren. Herritarrena galdeketa “pertsona ezberdinen arteko fruitu izango baita, konplizitateak garatuz eta askatasunean akordioak lortuz”. Eta “erabakitzeko eskubidearen jaia” ere izango da, “gure udalerrietan indartzen ari dena”. Horregatik parte hartzeko eta azaroaren 5eko galdeketan bozka emateko deia luzatzen dute.

Euskarazko adierazpena ondo bideoan ikus daiteke:

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude