EH Bilduk Polikiroldegiaren lan gatazkari buruzko mozioa aurkeztu du

EH Bildu Leioak udal kiroldegian dagoen lan gatazkari buruzko mozioa aurkeztu du. Ezkerreko talde subiranistak kirol-zerbitzu enpresetako langileeak burutzen ari diren mobilizazioak gogorazi ditu. “Langileak kexu dira udalek eta kirol zerbitzuetako enpresek adosten dituzten pliegoen eta lan baldintzen inguruan”, eta ondorioz, “hitzarmen kolektibo duin bat aldarrikatzen ari dira”, dio talde honek.

EH Bilduk azpimarratu egiten du mobilizazio horiek udal kiroldegiaren zerbitzuetan izaten ari diren eragina, “ondorioz, herritarrek ordaindutako zerbitzu batzuk ez baitira burutzen ari”. Horregatik, azpikontratatutako enpresa (Guedan Servicios Deportivos S.A.) eta udal ordezkarien artean “kalte-ordainak zeintzuk izango diren adostea epe ahalik eta laburrenean” eskatzen du.

Mozioan EH Bilduk proposatzen du Udalak eskatzea “CEBEKeko ordezkariei igerilekuetako eta kirol zentroetako langileei  lan baldintza duinak bermatuko dizkien Lan Hitzarmena langileen ordezkariekin adostea”. Era berean, Guedani ere “langileen mobilizazioek erabiltzaileei eragin dizkien eragozpenak emendatzea” eskatzea planteatzen du.

Bestalde, talde subiranistak mozioaren eskaerak CEBEK-i, Guedan-i eta komunikabideei heleraztea proposatzen du eta, azkenik, Udalak erakustea “kiroldegiaren kudeaketari dagokionez, etorkizunean zerbitzua publifikatzeko borondatea, hori posible egin ahal izateko aukera hoberenak aurkeztuz”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude