Betiko Ikastolak ez-ohiko datan, azaroaren 11n, ospatu du ikasturteko jaia. Ez ohiko jaia ere izan da honako hau: usu antolatutako ekimenekin batera azken bi ikasturteetan egin dituzten eraikin berriak zabaldu eta egindako beste atonketa lanak ezagutarazi dituzte. Batetik, ikastolaren sarrera ondoan kokatuko den bulego eta harrera edifizio berria eta, bestetik, hezkuntza eginkizunekin lotutako hirugarren eraikina. Azken honetan DBH 2, 3 eta 4ko gelekin batera erabilera anitzeko aretoa ere prestatu dute. Eta guzti horrezaz gain, Haur Hezkuntzaren etapa bietan ikastolak garatzen duen konfiantzaren pedogagogiara egokitutako lekuak prestatu dituzte, azken hauek 1. eraikinaren lehenengo eta bigarren solairuan.
Ez da aldaketa txikia izan, eta inaugurazioaren ondoren egindako bisita gidatuetan hala bisitariak nola gurasoak zein aurreko urteetan ikastolaren Artezkaritza Kontseiluetan parte hartutako kideak gustora geratu dira. Bat baino gehiago harrituta aldaketekin. Haur Hezkuntzaren lehen zikloan espazio zabal bakarra sortzeko lehengo geletako hormak bota dituzte, eta txoko ezberdinak sortu dituzte, esaterako. Haur Hezkuntzaren bigarren zikloan ere, umeak gela batetik bestera igaro daitezke horretarako zabaldutako pasabideen bitartez. Horrekin batera, jantokia handitu dute eta emergentziazko eskailerak eta igogailuak egin dituzte. Gainera, bigarren eraikinaren eta hirugarren eraikin berriaren arteko pasabidea jarri dute. Eta, hala ere, eraikin berriak inguruarekin ondo integraturik geratu direla azpimarratu du batek baino gehiagok. Eta ikastolak ez duela galdu ikasleek horrenbeste maite duten atzealdeko berdegunea, ume askoren jolasgune preziatuena dena.
Hezkuntza Saila, Udala eta Betiko Ikastolaren hitzartzeak ekitaldian
Inaugurazio-ekitaldiak eman zion hasiera jaiari. Bertan egon ziren Hezkuntza Sailaren Bizkaiko Lurralde Ordezkritza-buru Ana Isabel Ferri; Leioako Udalaren lehenengo alkateorde Iban Rodríguez; EAJ eta EH Bilduren zinegotziak; EHBilduren Batzar Nagusietako kide Josu Imanol Unanue; Bizkaiko hainbat ikastoletako ordezkariak, eta Betiko Ikastolaren langile, guraso eta arduradunak.
Arrate Illaro ikasle ohiaren bertsoek eman zioten hasiera ekitaldiari, bere garaiko ikasle uneak gogoratuz.
Jarraian, herriko udalaren ordezkariaren tartea heldu zen. Iban Rodriguezek esan bezala, “Betiko ikastola hezkuntza formaleko prozesuaren laguntzaile fin bihurtu da, eta ziur, egiten ari dan birmoldaketak ikusita, laguntzaile fina izaten jarraituko dauala luzaroan”. Alkateordeak gaineratu zuenez “esparru informalean ere eragin handiko agentea bihurtu da”. Eta Mikel Laboa gogoan, “euskera eta euskal kultura oinarri izanda, herri euskaldunago bat egiten laguntzen gaituan lekua be bada Betiko ikastola” esan zuen udal gobernuaren ordezkariak. “Euskal Herriko ondare hau maitatu, ulertu eta bizitzeko aukera emoten deuskun lekua bihurtuz, ikastola bera, eta hemendik urtetean, Leioa bera ere” aipatuz ikastolaren agenteak zoriondu zituen eta animoak eman zizkien datozen erronkeei aurre egiteko.
Ondoren etorri ziren Hezkuntza Sailaren ordezkariaren hitzak, ikastolak egindako lana eskertuz eta sailak hezkuntza arloko agenteekin elkarlanean aritzeko prestasuna azalduz.
Koldo Tellitu: “Espazioak aldatu eredu pedagogiko eraldatzailearen zerbitzuan jartzeko”
Betiko ikastolaren eta Ikastolen Elkartearen lehendakari Koldo Tellitu izan zen azkena hitza hartzen. Betiko ikastola bi aldiz jaio behar izan dela gogoratu zuen: “frankismoaren gau ilunean euskararen eta euskarazko irakaskuntzaren aldeko apustua egin zuten aitzandarien eskutik lehena, eta 1993 urtean ikastola banatu zenean bigarrena”. Garai bi horietan ikastola ereduaren alde egin zutenei eskerrak eman zizkien Tellituk. Eta bide batez, azken gertaeraren osteko urteak oso gogorrak izan zirela gogoan izan zuen: ikasle eta langile gutxi, zor historikoaren zati handi bat ordaindu beharra, kontzertazioa blokeatua, epaiketak…
Ikastolaren lehendakariaren hitzetan, “hala ere, aurrera begira geunden, gogotsu gure proiektua modu irudimentsuz jorratzeko: haur hezkuntzaren lehen zikloa irekitzea, ibilialdi bi antolatzea, bigarren lerroa zabaltzea, eraikinak handitu, forntoia eraiki…”. Lan guzti horren emaitza ikasle kopurua handitzea izan da, “eraikinak txiki geratu arte. Eta ikastola handitu eta berritu beharra zegoela erabaki genuen beste behin ere”. Baina bere ustetan, ekitaldia ez da izan “zenbait eraikin eta instalazio berriren inaugurazio soila, ikastola osoarena baizik”. Are gehiago, horrela “Betiko Ikastola heldutasunera iritsi dela” uste du.
“Esfortzu handi eskatu du, hezkuntza komuniatate osoarena”, dio lehendakariak. “Urte eta erdi estu, ezeroso pasatu behar izan dugu orain askoz baldintza hobeak izateko” gaineratu du, “baina orain denok pozik gaude emaitzarekin”. Espazioak eraldatu dituzte, eredu pedagogiko eraldatzailearen zerbitzuan jartzeko, azaldu duenez. Ingurua euskalduntzeko egindako lana eta ikastolaren izaera herritarra gogorratu du ere Tellituk. “Ikastolen berezko eredu pedagogikoa, euskal curriculumean oinarritutakoa eta ikaslea erdigunean kokatzen duena” da, bere hitzetan, “ikastola eredua”. Eta “hezkuntza eraldatzen gizarte eraldatzeko lanean” jarraitzeko asmoa agertu du: gizarte euskaldunago, justuago, parekideago eta zoriontsuago bat eraikitzeko.