Erdiguneko landak

Argazki zaharra I Idoia López, leihoa.info

Batek baino gehiagok, agian, pentsatuko du Leioako erdigunea gaur egun bezalakoxea dela aspalditik. Baina oker dabil, ez da horrela.

Gaurko gure argazkian argi ikusten denez, gaur egungo autobidea norabide bakoitzeko karril bakarreko errepidea izan zen, eta Luis Bilbao Libano kalea, Txomin Aresti Eskolak, Musika Eskola eta Udal Euskaltegia ez ziren gaur egun diren lekuan. Ezta Euskal Etxeen Plaza eta Libano kaleko etxebizitza sozialak ere. Horiek guztiak larogeigarren hamarkadan eraikitzen hasi ziren, eta larogeita hamargarrenean bukatu.

Ordura arte, landak baino ez ziren, ortuak, San José auzoa, kooperatiba zaharra eta ezer gutxiago. Hori bai, Kandelazubieta izan bazen. Eta Sabino Arana kaleko beste aldeko etxeak ere. Orduan, San José auzoa berritzeko aukera galdu zen, baita Elexalde auzoa ere.

Orain, erdigunea bota (alderik zaharrena, eta baita larogeigarren hamarkadan eraikitako Sakoneta Kiroldegia ere) eta dena berria eraikitzeko proiektua aurkeztu dute Udal Gobernua osatzen duten EAJ/PNV eta PSE alderdiek. Hasiera batetan, Institutoa Barandiaren Goikoara eraman nahi zuten, Jaurlaritzak horrela aurreikusita zeukalako. Guraso Elkarteek eta oposizioko taldeek egindako lanak asmoa horri buelta ematea lortu du.

Eta orain, erdigunea aldatzeko hasierako proiektua aldatu dute PNVk eta PSEk. Baina ez dago, oraindik, behin betiko onartuta. Iritzi ezberdinak ere eragin ditu proiektuak: auzotar guztiak ez daude ados, alderdi guztiek (EH Bildu, Esnatu Leioa) ere ez. Batzuk alegazioak aurkeztu dituzte ere (EH Bildu), eta araudiak aurreikusten ez duen “proiektu ekonomikorik ez aurkezteagatik” atzera bota dituzte, baina hori bai, egindako zenbait ekarpen bere egin ditu Udalak eta EAJ/PNVren alkategaiak berak, bereak izango balira bezala.

Orain, Euskal Autonomia Elkarteko Lurralde Antolaketaren Euskal Batzordearen erabakiaren zai dago egitasmoa. Eta EAJ/PNVk eta PSEk egitasmoa herritarrek eztabaidatu eta erabakia herri galdeketaren bidez hartzeari -Basaurin, urrutirago joan barik egin duten bezala- uko egiten diote.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude