Ikasle Sindikatuak EH Bildu bozkatzera dei egin die gazteei

Ikasle Sindikatuak datorren igandean EH Bildu bozkatzeko deia egin die Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteei. Estatuko bere idazkari nagusiak, Coral Latorrek, hala adierazi dio gaur goizean Maddalen Iriarteri biek Bilboko Bilgunean egindako bileran. EH Bilduk eta Ikasle Sindikatuak akordio programatikoa sinatu dute EAJren alternatiba gisako bestelako gobernuak eratzeko eta ezkerreko politikak defendatzeko. Lehendakarigaiak babesa eskertu eta horrek duen garrantzia azpimarratu du, “ezkerreko alternatiba bakar gisa irudikatzen gaituen sektore berri bat batu delako gurera, EH Bilduren aldeko bozka eskatuz”.

“EH Bildun gero eta gehiago gara eta gero eta gehiago izatea lortu behar dugu”, erantsi du Iriartek, “EH Bildu ezkerreko suberanista guztien etxea delako”. Bada, “etxe hau gero eta handiagoa izatea dugu helburu, justizia sozialak, ezkerreko politikek, zerbitzu publikoen defentsa irmoak, feminismoak, askatasun demokratikoek eta herriok dugun erabakitzeko eskubideak batzen gaituztelako”.

Horren ildotik, Iriartek gogora ekarri du EH Bildu “ezkerreko subiranista guztien elkargune izateko helburuarekin” sortu zela duela 10 urte, eta, bere iritziz, Ikasle Sindikatuaren babesa aurrerapausoa da bide horretan, “gero eta gehiago garen adierazle”.

Hezkuntza sistemaren gabezien eta murrizketen salaketan bat datoz EH Bildu eta Ikasle Sindikatua, azaldu du lehendakarigaiak, eta egoera hori eraldatzeko urrats trinkoak emateko EH Bilduren konpromisoa adierazi du, “bai erakundeetan, bai mobilizazio sozialetan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistema erabat agorturik dagoelako. Murrizketen aro berria hasi du Urkulluk eta sistema eraberritzea ezinbestekoa da; horregatik, behar-beharrezkoa da indarrak bildu, gaur egiten ari garen bezala, eta hezkuntza sistema publiko burujabe baten alde urratsak ematea”.

Halaber, Iriartek garrantzitsutzat jo du EH Bildu eta Ikasle Sindikatuaren adostasuna “herrion autodeterminazio eta erabakitzeko eskubidearen alde, preso politikoek pairatzen duten jazarpenaren kontra eta Euskal Herrira ekartzearen alde”.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude