Bihar, Kultur Leioaren Liburutegian, Irakurle Klubaren hileroko bilkuran, Epailea eta haren borreroa, Friedrich Dürrenmatt-en eleberri beltzaz jardungo dute bertaratuko direnek. Saioa, Kultur Leioaren hirugarren solairuan izango da, arratsaldeko 18:30etik aurrera.
Epailea eta haren borreroa, nobela beltz asko bezala, hilotz batekin hasten da. Baina badu ezaugarri bat nobela beltz ohikoetatik bereizten duena: ustez istorio nagusia dirudienari, hilketa bera eta hilketa argitzeko prozesua, beste istorio batek hartuko dio gaina, nobelak aurrera egin ahala.
Dürrenmatten lanetan, izan ere, beti agertzen da ustekabeak arrazoimenaren logika hausteko duen indarra, eta nobela honetan, zehazki, ustekabe batek dakar lehen planora liburuko istorio nagusia. Eta ustekabearekin loturik ageri dira maiz, orobat, errua eta norbanakoaren erantzukizuna, Dürrenmatten dilema filosofikoaren ardatzetako bi.
Bada, bestalde, auzi funtsezko bat eleberri honetan: ongiaren eta gaizkiaren arteko muga lausoa, pertsonaia zintzoen eta gaiztoen arteko bereizkuntza garbirik eza. Oso interesgarria da, alde horretatik, Bärlach eta Gastmann pertsonaien arteko harremana, ongiaren eta gaizkiaren arteko mugaren josturak hausten baititu.
Suitzan gertatzen dira nobelako pasadizo guztiak, 1948an, Bieleko aintziraren inguruko herrixketan eta Berna hirian.
Friedrich Dürrenmatt
Friedrich Dürrenmatt (1921-1990) Suitzako idazlerik ezagunenetako bat da, Max Frischekin batera. Dürrenmatt antzezlanek egin dute ezagun batik bat literaturan. Adineko damaren bisita (Der Besuch der alten Dame, 1956) eta Fisikariak (Die Physiker,1962), esaterako, behin eta berriz antzezten dira oraindik ere Europako antzoki nagusietan, eta Bertolt Brecht alemaniar dramaturgo ospetsuaren lanekin alderatu izan dira antzezlanok. Baina, antzerkiaz gainera, beste genero askotako lanak ere idatzi zituen Dürrenmattek: besteak beste, nobela beltzak, saiakerak, kritikak, istorio laburrak eta entzuteko istorioak. Hiru nobela beltz idatzi zituen, eta hiruretan lehena da esku artean dugun hau: Epailea eta haren borreroa (1952). Beste biak Susmoa (1953) eta Agindua (1958) dira. Euskaraz, bi antzerki-lan irakur daitezke, bai eta kontakizun bat ere: Matxura (1956).