Jendetza bildu da Martxoaren 8an Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako Greban. “Heteropatriarkatu kapitalistari planto!” egitera deitu dute gure herriko emakume feministek.
Goizean goiz hasi dira herritik bueltaka emakumeak Grebara gehitzeko deituz. Goizeko 8:30erako zeukaten hitzordua jarrita, Sakoneta Kiroldegian, piketa informatibo gisa herriko kaleetan barna gaurko grebaren berri emateko. Udalerriko erdialdetik ibili dira emakumeak informazioa banatzen ere. Horren adibidea, hauxe
Hamar eta erdirako deitua zegoen Leioako Mugiimendu Feministaren konzentrazioa Iparragirre kaleko Bulebarrean. Bertan ere jende multzo handia egon da, ondoko grabazio laburrean eta argazkian ikus daitekeenez:
Ondoren egin zen Leioako Udalak deitutako konzentrazioa, non udal talde politiko guztiek adostutako adierazpen instituzionala irakurri egin zen.
Bilkura bukatuta, herriko emakume feministak oinez abiatu ziren Areetarantz, bertan konbokatuta zegoen eskualdeko manifestazioan parte hartzeko. Talde polita irten zen Bulebarretik harantza, Sabino Arana kalea zeharkatuta, Txopoeta eta Lamiakotik jende gehiago batuta Areetara heltzeko. Manifestazioaren bukaeran, Mugimendu Feministren adierazpena irakurri zen. Bertan esan zutenez, 7.000 emakume batu zen goizeko ekimen garrantzitsuenera.
Bertan manifestazioa egin zen eta horren ondoren, bazkari inprobisatua egin zen Xake Plazean.
Arratsaldean 16:30ean jarrita zuen hitzordua mugimendu feministak. Lehenik eta behin, erdialdeko plazetatik ibilbidea egiteko eta, ondoren, Bilborako bidea egiteko. Talde polita abiatu zen herritik Bilboko arratsaldeko manifestaziora joateko,
Bilboko manifestazioak bukaera ederra jarri zion greba egunari: milaka eta milaka emakume (eta honetan gizon ere) batu ziren euskal mugimendu feministaren aldarrikapenei babesa erakusteko. Leioako emakume ugari ere hurbildu zen arratsaldeko mobilizazioan parte harteko.
Manifestazioak bukatuta etorri dira mugimendu feministaren eledunen lehengo balorazioak. Inork gutxi uka dezake egunean zehar milaka eta milaka emakume euren lanak utzita kalera irten direla euren aldarrikapenak ozen azaldu eta eskatzera. Zenbatek egin duen greba edo etxeko edo zaintza lanak albo batera utzi eta gainontzeko emakumeekin batu den jakitea zaila (zenbait kasutan ezinezko) izango bada ere, dudarik ez dago euskal mugimendu feminista indartsu dabil. Gaitasuna erakutsi du, bai iaz zein aurten, dozenaka mila emakume kalera ateratzeko, herririk herri saretzeko, duten eskaera andan mahai gaineratzeko eta, finean, eta beraiek dioten bezala, “indar bat gara gu” erakusteko. Izan dadila emakume guztien onerako!