Areetako manifestazioaren azken adierazpena I Mugimendu feminista
Lortu dugu! Lortu dugu Areeta kolapsatzea. Goizean zehar, herri, auzo, ikastetxe eta lan-zentru bakoitzean borrokatu gara eta orain, hemen, denok Areetako kaleak emakumez*, trans eta bollerez bete ditugu!
Izenei izana emateko boterea daukatenek erabaki zuten zer den lana, zer den langile izatea, zer den emakume izatea, zer den publikoa eta zer pribatua. Funtsean, zer den eta zer ez den. Erdigunea bera definitu zuten, eta ebatzi zuten bertan nortzuk kabitzen ziren eta nortzuk ez ginen kabitzen. Gaur periferiak zentrora etorri gara eta elkarrekin ahaldundu gara, boteretu egin gara! Gaur beste urrats bat eman dugu: indarrak batuz, sareak eraikiz eta aliantzak indartuz!
Planto egin diogu zapaltzen gaituen sistemari! Desjabetzen gaituen kapitalismoari, herri eta pertsonen hierarkian sakontzen duen kolonialismoari, harreman eta gorputz eredu bakarra inposatzen digun heteroarauari edota eguneroko eraso matxistekin kolpatzen gaituen patriarkatuari. 2018an 7 emakume erail dituzte Euskal Herrian. Ez dugu onartzen gutako bat ere gehiago erailtzea. Gora autodefentsa feminista!
Gaur ez gaude guztiok, emakume asko falta dira: erail dituztenak, kartzelan daudenak, edota bere esplotazio egoeragatik lana utzi ezin izan dutenak… Zuengatik, guztiongatik gaude gu hemen! Doakie hemendik gure besarkada beroa!
Emakumeak gara, etxeko langileak, talde feministetako militanteak, eskolan umeak jasotzen ditugunak, gurasoak zaintzen ditugunak, langile prekarizatuak, baserritarrak, emakume migratuak, bollerak, ikasleak, pentsionistak, transak, ama damutuak eta baita haien amatasunarekin pozik daudenak, heteronormatibitatearen desertoreak… Sistema kapitalista heteropatriarkalak zapaltzen gaituen horiek guztiak gara gu eta elkarrekin garaiezinak gara!
Garai larri eta gordinak bizi ditugu: ultra eskuinaren gorakada, kapitalismoa autoritarioaren berrarmatzea, bizi baldintzen prekarizazioa, borroka sozialen kriminalizazioa, feminizidio sistematikoa edota errefuxiatuen genozidioa. Baina guk argi daukagu: alternatibak eraikitzeko eta konfrontaziorako frontea da Mugimendu Feminista Euskal Herrian.
Bizitzak erdigunean jarriko dituen jendarte eredu berri bat eraiki behar dugu! Bizitza sostengatzeko ardura eta zaintza lanen ardura kolektiboa eta publikoa izango den sistema berri bat. Guztiontzat bizigarria izango den bizitza bat ziurtatuko duen sistema bat. Gure lurraldeen eta gorputzen burujabetzan oinarrituko den sistema bat. Lana eta aberastasuna modu justuan birbanatuko dituen sistema bat. Eta beldurrik gabe, aske biziko garen mundu bat! Gora Euskal Herria Feminista!
Iraultza feminista dator! Jar ditzagun bizitzak erdigunean!
Zorionak! Historiaren kapitulu berri bat idazten ari gara, eta oraingoan inork ez digu gurea den protagonismoa lapurtuko!
Gora emakume* langileon borroka! Gora borroka feminista!