Lamiakoko Vidriera enpresaren “langile etxea”, 1926. urtean

Argazki zaharrak I leihoa.info

Gaurko argazkian Lamiakoko anztineko Vidriera enpresaren langileen etxeak ikus daitezke,  1926.urtean aterata. “Fábrica de Vidrio de Lamiaco” izan zen herriko auzo horretan kokatu zen lehen enpresa, 1890eko irailaren 13an jatorri belgiarreko Amadeo Deprit enpresa-gizonak sortua. Enpresa oso leku onean kokatu zen, errekari irabazitako lurretan, Bilboko porutik gertu eta, era berean, Bilbao-Areeta errepidetik ondoan eta Bilbao-Plentzia trenbidearen hurbil. Lurrak enpresa sortu zuten hamar enpresarietako batenak ziren: Eduardo Agirre, Máximo Agirreren semeetako bat. Gainontzeko bederatziak hauek ziren: Amadeo Deprit, Victor Chávarri, Carlos Jacquet, Tomás Allende, Evaristo Elizalde, José Antonio Errazquin, José Luis Villabaso eta Leopoldo Bellefroi.

Vidriera enpresak eraiki zuen etxea XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieraren artean. “Langile etxea” edo “galerien etxea” izengoitiekin ezaguna izan zen bere garaian, 3 pisutakoa (beheko solairuaz aparte) zen eta bertan, batez ere, aldiro-aldiro lanera etortzen ziren langile belgikarrak bizi ziren. Hasiera batean ez zeukaten ur edangarririk. 1901 urtean instalatu zitzaien zerbitzu hura.

Vidriera enpresak etxe hauetako beheko solairuan zuen kokatua bere langileentzako jantokia. Bertan jaten zuten etxetik ekarritako janaria. Ondoan zegoen biltegi orokorra, nominak prestatzen ziren “listeria” eta botikina, non jardun izan zuten Robustiano Eguia, Vicente Zabala eta Carlos Larrea medikuek.

Vidriera enpresak izen horrekin jardun zuen 1971 urtera arte.

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.