Larunbateko presoen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute

Kalera kalera dinamikak datorren larunbatean, Bilbon, arratsaldeko 17:30etan La Casillatik abiatuko den euskal presoen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du. “Bada garaia. Presoak kalera” goiburuarekin konbokatu dute manifestazioa. Zabaldutako komunikatuan diotenez, “konponbideak benetakoa izan behar du, guzti-guztiontzat. Kartzeletan ehunka preso politiko dauden artean, hemen ez da benetako bakerik ez normalizaziorik”. Horrexegatik, “presoak kalean behar ditugula” aldarrikatzen dute.

Indarrean den espetxe-politikarekin amaitu beharra eskatzen dute. Eta, ildo horretan, lehentasunak “dispertsioarekin eta urruntzearekin amaitzea”, “gaixorik dauden presoak etxeratzea” eta “lehen graduko kalifikazio orokortutik ateratzea” direla gogoratu dute. Horrela, “espetxe espainiarretan dauden presoen %92 etxetik 400 kilometrora baino gehiagora” urrunduta daudela diote, “22 presok gaixotasun larriren bat” dutela eta “Espainiako estatuak euskal presoen %95 giltzapetuta dituela salbuespeneko erregimen itxian” adierazi dute, eta, horrela, “lehen graduan ezinezkoa da legedia arruntaren edozein aukera probestu”.

Hala ere, mobilizazioaren deitzaileek begi onez begiratzen diete Iparraldean gertatutakoari: “Lortutako adostasun zabala hasia da Parisen espetxe-politika mugiarazten. Hegoaldean ere mobilizatzen eta adostasunak batzen jarraitu behar dugu Madril mugiarazteko”.

Horrexegatik, larunbatean, apirilak 21, “Bada Garaia! Presoak kalera. Konponbidea, bakea, askatasuna” lelopeko Bilboko manisfestazio nazionalean parte hartzera deitu egiten dituzte herritarrak.

Bihar Galdakaon ekitaldi politikoa

Beste alde batetik, bihar asteartez Galdakaoko frontoian ekitaldi politikoa burutuko da arratsaldeko 19:30etan Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira eta larunbateko manifestazioaren aldez aurreko hitzordu bezala.

 

Sareetara

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.